24 AVR. 2018 IKUSMIRA Tenperatura hartzen Amalur Artola Kazetaria Kulturak gizartetik edaten du. Are, kulturaren bidez gizarteak sentitu bai baina hitzetan jartzea kostatzen zaion horiek deszifratzen lagun dezake, eta laguntzen du. Maila pertsonal zein kolektiboan. Eta, justu horregatik, kulturak gizartetik edaten duen bezainbeste edan behar du gizarteak kulturatik. Hala uste dut nik bederen. Zentzu horretan, termometro bat ere bada. Gizartea izozten, epel uzten edota su gorritan jartzen duten horien neurria markatzen duena. Hori esanda, uste dut ez dela kasualitatea zaintzak sortzaileen lanetan duen presentzia. Sintomatikoa ere bada. Asel Luzarragak haurren zaintza eta heziketa “familia pribatuetan” uzten duen sistema eraiki du “Bioklik” eleberri distopikoan. Morauk amaren zaintza prozesuaz abestu digu “Egunsentiak alperrentzat” diskoan. Xabier Mendigurenek zaintza eta mendekotasuna(k) gaitzat dituzten hiru ipuin bildu ditu “Zu entzuteko gaude” ipuin-liburuan. Nire interpretazioa besterik ez da, baina iruditzen zait zaintzaz, kontziliazioaz, mendekotasunez hitz egitea besteekin benetan egoteko, kalitatezko denbora eskaintzeko dugun beharraren sintoma ere badela. Inoiz baino konektatuago eta aldi berean deskonektatuago bizi garelako. Gaur, Morauk eta Mendigurenek horretan oinarri hartutako ikuskizuna aurkeztuko dute Donostiako Ernest Lluchen. Ziur ez gaituztela epel utziko. P.D.: Bide batez, aipa dezadan ikuskizuna joan den astean zela aurkeztekoa baina Anoetak hartu behar zuen futbol partida baten ondorioz atzeratu egin zutela. Irudikatzen duzue kultur ekitaldi bategatik atzeratutako kirol ekitaldirik? Ez, nik ere ez.