Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Nazkatik askatu behar

Bai, ez dakit nondik oratu gaurko zutabe horizontalari. Hamaika gauza nituen gainetik irakurrita egunotan, eta halako bi nota hartuta ere paper izkinetan, besteak beste Korea bien arteko Korean elkarri luzatutako bosteko horrena. Baina gero, kontuak kontu, ahaztu papertxoak non nituen… Beraz, hutsetik hasi beharko, gaurko kafe orduan leitutakoa abiapuntu.

Hara! Injustizia non, justizia hor konpon! Erasoa atarian, abusua epaian. Egunotako epaiketak eta epaiak, sumindura zabaltzeaz gain, justiziaren nondik norakoa utzi dute agerian. Berriro ere, gaur ere. Justizia justifikazio bide hartuta ezertxo ere aldatu ez dadin statu quo nazkagarrian, politikoan izan, territorialean izan, generokoan izan… Kontu sakratuetan senik ez den seinale, ez lege askoan ez eta legeon berme diren togadun askorengan ere. Askatu behar nazka bikoitzetik. Indarrean den Justizia zer hori ozeano erdiko zabortegi batean amaituko da nonoiz, inguruko plastiko ustelen oxigenoa ezin baliatuta. Txar egin dakiola! Orduan ere!

Hasiak dira esaten aldaketak behar direla legedian, baita kontzeptuak eguneratu behar direla ere. Bai, eguneratu eta gaueratu ere, gaueko atarietan hasten baitira askotan epaiek abusu hartzen dituzten erasoak. Tira, kontzeptuon harira! Horra hemengo jelkideen bosteko luzatua hango aurrekontuei uneko oxigenoa emateko. Berriro ere. Oxigeno gehiago emateko ere ei dira horiek, azpiegituretarako hainbat milioiren truke. Euskal agenda ala erdal almanaka den, nork bere ideia. Politikaren funtsezko momentuetan azpiegituretan zentratzeak azpi-zale bihurtzen ditu jelkideok, egiturazkoa dena zeruko paradisurako utzita.

Azpiak bat! Zer arin ahaztu dute batzuek orain gutxi esana; “kontu prepolitikoa” zena (katalanen indultua) kontu hutsa bihurtu da, Gortean komediante gisa kontu-kontari ibiltzekoa… txaloen esperoan. Politikaren atarian…