GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Beteranoek oraindik maila badutela erakutsi dute

Donato Larretxea, Jexuxmari Mujika eta Julen Kañamares hurrengo kanporaketan izango dira.


Jexuxmari Mujika, Donato Larretxea, eta Julen Kañamares izan dira Urrezko Aizkoran aurrera egin duten hiru aizkolariak, hiru horiek izan baitziren atzo Donezteben jokatu zen kanporaketako onenak.

Lehen fasean honako lan hauek izan zituen aizkolari bakoitzak: zeinek kolpe gutxiagotan 45 ontzakoa moztu, erlojuz kontra 45 ontzakoa moztu eta 60 ontzakoa zeinek azkarrago erdibitu. Lopezek Etxeberria II.a hartu zuen mendean, Ruben Saralegik Mujika eta Kañamares III.ak Larretxea. Jarraian, bigarren fase erabakigarrian, lehengo multzoko onena bigarren multzoko bigarrenaren aurka lehiatu zen; bigarren multzoko onena, hirugarren multzoko bigarrenaren aurka; eta, hirugarren multzoko lehen sailkatua, lehen multzoko bigarrenaren aurka. Bigarren fasean, aurrena oinbeteko enborra zutik jarrita ebaki behar izan zuten, eta, ondoren, bi kana-erdiko eta 60 ontzako bat.

Kanporaketa erabakigarrietan, Mujikak aise hartu zuen mendean Lopez, ia minutu bat kenduz. Larretxeak bi segundogatik irabazi zion Saralegiri, eta, azkenik, Kañamaresek 49 segundo kendu zizkion Etxeberria II.ari.

Herenegun, berriz, Joxean Etxeberria eta Julen Larrea sailkatu ziren 23 urtez azpiko finala jokatzeko. Lehen fasean, Etxeberriak 39 segundo kendu zizkion Oier Kañamaresi, eta Larreak 3 segundo Gisasolari. Finalak jokatzeko gurutzatu egin ziren, eta Etxeberriak 28 segundo kendu zizkion Gisasolari, eta Larreak 44 Kañamares IV.ari, finala jokatzeko aurreneko bi txartelak eskuratuz

Asteburu luze honetan, lehiak ez du geldialdirik izango eta bihar eguerdian bi saio izango dira. Bata, maila nagusikoa, Lazkaon, eta bertan harri-jasotzaileak ere izango dira. Bestea, 19 urtez azpikoena, Gasteizen.