02 MAI 2018 Aizkora Alberdi eta Jauregi hurrengo kanporaketan izango dira Jon LEUNDA Julen Alberdi eta Arkaitz Jauregi izan dira Urrezko Aizkoran aurrera egin duten bi aizkolariak, atzo bertan lortu baitzituzten euren txartelak Lazkaon jokatu ziren kanporaketetan. Lehen fasean, multzo batean, Alberdik Jauregi hartu zuen mendean, minutu eta erdiko aldea aterata. Beste multzoan, berriz, Xabier Zalduak Jon Rodriguez menderatu zuen, minutu erdi pasako aldea aterata. Horrela, bigarren fasean, gurutzatu egin ziren; multzo bakoitzeko aurrenekoak besteko bigarrenaren aurka lehiatu ziren. Hiru minutu eskaseko aldea atera zion Alberdik Rodriguez II.ari, eta Jauregik, aldiz, zazpi segundogatik utzi zen kanpoan Zaldua. 19 urtetik beherakoen lehia ere atzo bertan hasi zen, eta Xuban Kañamares eta Unai Zabala izan dira sailkatu diren bi aizkolariak. Horiekin batera, Miguel Martin segoviarra aritu zen atzo Gasteizen, baina azken honek ezin izan zituen bere lanak amaitu. Bestetik, Urrezko Harri-jasotzaileen deman Jokin Eizmendi eta Jon Gisasola aritu ziren. Eizmendik 163ko zilindro zaharrari 10 jasoaldi eman zizkion hiru minutuan. Jon Gisasolak 16 jasoaldi eman zizkion 113ko kubikoari denbora berean, eta txanda librean 100 kiloko bolari 54 eman zizkioten Eizmendik eta Gisasolak. Denera, 8.838 kilo bizkarreratu zituzten. Bestetik, Zarauzko Harri-jasotze Torneoa Izeta IV.ak irabazi zuen, atzo arratsaldean. Jaitxiki eta Mollari harri traketsak erabili behar izan zituen harri-jasotzaile bakoitzak, eta 7 minutuko txanda bakar bat izan zuten lanean jardun ahal izateko. Harriak txandatuz jaso behar izan zituzten. Izeta IV.ak 23 jasoaldi lortu zituen. Berarekin batera, Mikel Lopetegik eta Xabier Peñagarikanok osatu zuten podiuma, eta 22na jasoaldi lortu zituzten.