02 MAI 2018 Entrevue MAITE MUTUBERRIA ILUSTRATZAILEA «Barruan neramanari izena jartzeko modua izan da, lohi handi hori ulertzeko modua» Batez ere, haur literaturako ipuinak ilustratzen aritzen da Maite Mutuberria (Eltzaburu, 1985), baita helduentzako albumei irudiak jartzen ere. Oraingoan, marrazkilaria bere buruaz ari da «Lohia» lan berrian, prozesu pertsonal baten ondorio izan diren bozetoak liburu bihurtuta. Arkatzez egindako irudi azkarrekin irakurlea eskutik hartzen du Mutuberriak, gaineko lohia kentzeko prozesua erakutsiz. Ariane KAMIO DONOSTIA «Ez nekien ze izen eman; beraz, lohia deitu nion. Lohiez zikindu nituen nire koadernoak bi urtez. Marrazki, ohar eta aipuak, zintzurrarekin adierazi ezin nituenak nonbaiten botatzeko. Hona hemen zabor horiek». Maite Mutuberriaren liburuak duen atarikoa da, irakurleak ikusiko –eta irakurriko– duenaren abisua. Mina arte bihurtuta. Maite, kontadazu krisi baten koadernoa nola eraman duzun marrazkietara. Liburuaren abiapuntua bolada ilun batean dago, edonork bizi dezakeen bolada ilun batean. Orduan, ezinean edo oharkabean koadernoetan marrazten hasi nintzen, helbururik gabe, ulergaitzak zirenak nonbaiten botatzeko. Orain dela urtebete koaderno intimo horietan zegoen horri liburu forma eman ahal niola ikusi eta inkontzienteki sortutakoa proiektu bilakatu zen. Nire barrutik eta egunerokotasunetik abiatu eta nirea bakarrik ez zen istorio berri bat kontatu nahi nuen. Laguntzarako marrazketa dela esan daiteke? Bueno, nolabait hasierako momentu hartan koadernoetan marrazteak lagundu zidan neure buruarekin hitz egiteko modua aurkitzen. Hala ere, honekin ez dut esan nahi ihesbide horrek gainean neraman “lohia” guztiz garbitzen lagundu zidanik, harekin bakeak egiten baizik. Liburua ere horrela irakurtzea gustatuko litzaidake. Zure koadernoetara iraulitako horri guztiari zentzua eman nahi izan diozula diozu. Nolakoa izan da prozesu hori? Prozesuaren bigarren aldian, nire marrazki guztiak batu eta ordena bat, narratiba bat, ematen saiatu naiz. Liburuan zirriborroak, argi-ilunak, zikinguneak, aipuak eta ohar txikiak daude, bata bestearen atzetik ikusita elkarrekin lotzen direnak. Agian, sorkuntzari dagokionez hau izan da erronkarik handiena, irakurlea eskutik hartu eta bide osoan laguntzea, orriz orri ikusitakoa istorio moduan irakurtzeko. Eta pertsonalki, liburua amaitzean ikusi nuen lan hau niretzat barruan neramanari izena jartzeko modua izan dela, lohi handi hori ulertzeko modua. Testu labur batzuk ere erantsi dizkiozu. Bai, nahi gabe sortu ziren. Hasieran aipuz josita zegoen liburua eta ondoren erabaki nuen liburuak nire ahotsa izan behar zuela, zentzu handiagoa zuela nire hitzak erabiltzeak. Aipuak kapitulu hasieretan badaude, baina batez ere irudi eta testuaren batuketatik sortzen den esanahi berriekin jolastu naiz. Batzuetan ohar sinpleak dira, beste batzuetan gogoetak edo metaforak. Uste dut testu gutxi horiek laguntzen dutela irudien arteko haria josten eta irudiei beste ikuspuntu bat ematen. Noiz jabetzen da Maite Mutuberria krisialdi horretatik ateratakoarekin liburu baterako adinako materiala baduela? Noiz erabakitzen du hori guztia liburu bihurtzea? Esan dudan bezala, duela urtebete-edo koadernoetan nituen marrazkiei begiratu eta antzeman nuen bazutela kontatzeko gaitasuna. Gainera, gogo handia nuen nire alde hori erakusteko. Batzuetan haurrentzako lanak egiten ditut edota kanpotik zuzendutako proiektuak, baina iruditzen zitzaidan marrazteko modu azkar hori oso nire sentitzen nuela eta gehienetan nire lanetan ez nuela erakusten. Gertatu zait liburua ikustean baten bat harritu dela estiloarekin, eta xelebrea da, ni agian gehiago identifikatzen bainaiz egiteko modu honekin. Dena den, urte honetan zehar tentu handiz sortzen joan naiz liburua, intuizioa nuen liburua egin nezakeela baina, egia esanda, liburua bukatuta eta inprimatuta ikusi arte ez dut guztiz sinetsi. Ez da oso ohikoa marrazkilari batek bere burua marraztea. Nik uste dut egiten dela askotan. Errazagoa da eskuragarri duzuna marraztea eta horri buruz hitz egitea. Badaude lehen pertsonan hitz egiten duten nobela grafikoak eta ia ilustratzaile guztietan nabari da beren pertsonaiek euren antza dutela. Nik uste dut marrazkilari askok euren koaderno eta bozetoetan euren burua marrazten dutela. Itzal eta beltzune handiko matazak marraztu dituzu. Hariak, ileak, belarrak… Bai, liburua txuri-beltza da eta horri ahalik eta probetxu handiena atera nahi izan diot. Zikintasuna-garbitasuna, pisua-arintasuna, betea-hutsa… kontrajarri ditut liburu osoan zehar beltzaren eta txuriaren arteko gris guztiak erabiliz. Metafora bisualak erabili nahi izan ditut lohi bidea irudikatzeko eta horregatik elementu hauek. Hariak, ileak, belarrak, erraiak… elementu oso grafikoak direla uste dut sentimendu ilunak islatzeko. Oso kontakizun fisikoa dela iruditu zait. Ez dakit zer iritzi duzun zuk. Liburuko ilustrazioak bozetoak direla esan daiteke. Artista-koadernoetan aurkitzen ditugun marrazkiek badute bat-batean egindakoaren indarra eta adierazkortasuna. Ez nuen nahi liburua egiteko prozesuan indar hori galtzerik. Horregatik antzematen da arkatzaren arrastoa, azkar egindakoaren akatsak edo inperfekzioak, eskuaren mugimendua… Gainera, fisikoa da ere bakoitzak barruan daraman zikintasun horretan sartzea irudi bidez azaltzeko, gorputza, hesteak, etxeko objektu arruntak eta inguruan neukan guztia mahai gainean jarri dudalako. Esker oneko ale bat ere badela esan daiteke. Kontaketa gogorra da, gordina, agian zintzoegia. Horregatik eskertu nahi nituen gertukoak, bide lohi honetan ondoan izateagatik.