GARA Euskal Herriko egunkaria

Lana euskaraz eskaini eta bilatzeko aplikazioa sortu du Bai Euskarari Elkarteak

Lansarean App izenarekin aurkeztu dute atari berria, eta mota guztietako erakundeen eta lan bila ari direnen arteko harremanak eskuragarriago egiteko asmoa dauka. Bestalde, erdaldunduta dagoen lan esparruan euskara sustatzeko beste urrats bat dela adierazi dute.


Bai Euskarari Elkarteak euskaraz dagoen lan atari digital bakarraren aplikazioa aurkeztu zuen astean. Lansarean App izenarekin sortu dute ibilbide profesionala euskaraz garatu nahi duenari eta lana eskaintzen dutenei erraztasunak emateko asmo zuzenarekin.

Iragarri zuten webguneak 4.000 lan eskaintza, 400 enpresa eta 2.900 erabiltzaile baino gehiago jaso dituela gaur arte eta sakelako edo tableterako sortutako aplikazioarekin eskuragarriago egin nahi dute tresna aitzindari hau.

Lansarean aplikazioa Google Play eta App Store zerbitzarietan deskargatu daiteke, doan, eta bi publiko hauei dago zuzendua, elkarteak jakinarazi zuenez: alde batetik, enpresa, saltoki eta era guztietako entitateei, lan eskaintzak zabaldu eta hautaketa prozesuak arinago kudeatu ditzaten; eta, bestetik, lan bila ari diren pertsonei, euskarazko eskaintza profesionalak modu pertsonalizatu batean jaso eta hobekien egokitzen zaien lana topa dezaten.

«Gaur egun, pertsona gehienek aplikazio eta mugikorren bitartez egiten dituzte Interneteko bilaketak, erosketak, erreserbak, eta abar», hausnartu zuen Bai Euskarari Elkarteak eta bertako zuzendariarentzat, Rober Gutierrezentzat, «euskara eremu sozioekonomikoan txertatzea eta erabiltzea funtsezkoa da egunerokoan normaltasunez aritzeko eta hizkuntzaren biziberritzerako».

Aplikazio funtzionala

Erraza eta eraginkorra dira aplikazioaren nolakotasuna deskribatzen duten hitzak. Zehaztu dutenez sektore anitzeko lan eskaintzak jasotzen ditu atariak, norberak bere interesen arabera pertsonalizatu ditzakeenak. Bestalde, jakinarazpenak programatzeko eta eskaintzak ordenatzeko aukera ere ematen du.

Lan eskaintza zabaldu duen erakundearen eta lan bila dabilenaren artean harremana errazteko asmotan mezularitza zerbitzua eskuragarri jartzen du Lansarean tresnak.

Euskarazko lan eskaintzak eta eskariak areagotzeko helburua ere jarri dio bere buruari atari digital honek eta horretarako, erabiltzaileei ibilbide profesionala euskaraz egiten laguntzeko, hain zuzen, orientazio zerbitzuak eskaini eta formakuntza agendaren berri ematen du.

«Lan munduan euskara sustatzeko urratsak ematen ari dira, baina erdara da nagusi oraindik ere enpresa eta lantoki gehienetan», ohartarazi zuen zuzendariak eta bere ustetan euskaraz lan egin ahal izateko ezinbesteko baldintza da baliabideak eta tresnak euskaraz egotea eta horiek baliatzea.

Bai Euskarari Elkarteak, esaterako, komunitatea sendotzeko helburuz, Enpresarean eta Lanabes proiektuak ere baditu.