GARA Euskal Herriko egunkaria
GAURKOA

Galderak eta erantzunak


Galdera mota desberdinak daude. Batzuk zuzenak dira, eta informazio zehatza eskatzen dute, datu bat: zer izen duzu? Nongoa zara? Beste galdera batzuk orokorragoak dira, eta balorazio bat dakarte berekin. Norberaren iritzia plazaratzen da, baina bestelako iritziak ere egon daitezke. Balorazio desberdinak entzunda, geure iritzia osatzen dugu. Eta bada, azkenik, beste galdera mota bat, erretorikoa, ez informaziorik ez erantzunik eskatzen ez duena, galdera egiten duenak erantzuna bera eman edo iradokitzen baitu.

ETAren amaiera honetan denetako galderak ikusten ari gara: informatiboak, baloraziozkoak eta erretorikoak. Denekin etengabe aipatzen den «kontakizuna» osatuko da; garrantzitsua da, beraz, galdera eta erantzun motak ondo bereiztea. Hirurak aztertuko ditugu.

Zergatik? Galdera informatiboa izan liteke hau, balorazio neurri handia izan dezakeen arren, objektibotasun neurri handiz ere erantzun daitekeelako ETA zergatik sortu zen. Labur eta zehatz esanda, XX. mendeko II. Mundu Gerraren ostean munduan zehar zabaldu ziren kolonialismoaren kontrako eta sozialismoaren aldeko giroan sortu ziren mugimenduetako bat da ETA. Testuinguru horrek eta markoaren ezaugarriek (Euskal Herriarenak) moldatu zuten haren ibilbidea. Antikolonialismoak eta sozialismoak euskal nazionalismoa birmoldatu zuten goitik behera, bai teorian eta baita praktikan ere. Teorian, Euskal Herri kolonizatua klase borrokarako marko autonomo gisa ezaugarritzen da; praktikan, kapitalismoaren eta kolonialismoaren adierazpiderik ankerrena den frankismoaren kontra modu guztietan borrokatu behar dela esaten da, gerrako gudariek egin zuten bezala, eta momentu hartan ugari ziren beste talde armatuak egiten ari ziren bezala.

«Zergatik» galderarekin batera, «zertarako» galdera egitea ere logikoa litzateke, baina hemen erantzunak askoz desberdinagoak izango dira, besteak beste, galdera egiten duenaren ikuspuntua eta abiapuntua oso desberdinak izan daitezkeelako. Galdera erretoriko forma hartzen du askotan, jarraian ikusiko dugunari lotua.

Bidezkoa izan da? Erretorikaren gailurra da iritzia sortzeko helburu argia duen galdera hau, ezen badago inor munduan bidezkoa eta bidegabea zer den esan lezakeenik? Are gehiago, badago inor beti bidezko jarduerak darabiltzanik? Jainkoak berak Sodoma eta Gomorra erre zituen: bidezkoa izan ote zen haren erabakia? Izan ere, bidezkoa zer den beti da termino erlatiboa, galdera egiten duenaren araberakoa. Michael Walzer-ek klasiko bihurtu den liburua idatzi zuen orain urte batzuk, “Just and Unjust Wars” (Bidezko gerrak eta bidegabeak). Bertan, gerraren inguruko gaiak lantzen ditu etikaren ikuspuntutik, eta helburutzat jartzen du ebatzi ahal izatea noiz den zerbait onargarri eta noiz ez. Liburu interesgarri horretan adibide ugari ageri da, eta besteak beste, Israelen jarrera bidezkoa dela ebazten du. Gutxi izango dira Euskal Herrian auzi hau hala ikusten dutenak gaur egun, baina ondo legoke ere gogoratzea iraganean, 50 bat urte esan dezagun, Israelen kausak aldeko gehiago zituela orain baino. Noiz bihurtu zen Israelen kausa bidegabea, eta noiz arte izan zen bidezkoa?

ETAren jarduera bidezkoa izan ote den galdera EAJk bultzatu du azken hilabeteotan, galderarekin batera erantzuna emanez, jarduera bidegabea izan zela aitortzea exijitzen du eta. Baina ez da zehazten zer den bidegabea, indarkeria erabiltzea, ETA bera, edo ETAren jarduera batzuk. Lehenengoaren inguruan, indarkeria ez dela erabili behar denok partekatzen dugun irizpide morala izaki ere, nekez esan lezake inork indarkeria erabiltzea beti bidegabea denik, bizitzan ehunka egoera larri gerta daitezkeelako norberarentzat «bidegabeak» direnak, eta horien aurka egiteko, indarkeria erabiltzea justifikagarri egiten digutenak, legeriak berak jasoak askotan. Errepublikaren legalitatearen alde eginik, EAJko kide gehienek beste euskal herritar batzuek defendatzen zuten faxismoari, indarkeria erabiliz, aurre egitea erabaki zutenean, bidezko jarrera hartu zutela esan ahal bada, faxismoaren iraupenari aurre egiteko, ETAk erabilitako indarkeria bidezkoa ere izan zela esan liteke? ETAren jarduera batzuk bakarrik dira, orduan, bidegabeak? Azken hau balitz, ETAk berak aitortu eta deitoratu du aldatu ezineko errealitate hori.

Merezi izan du? Zer irabazi duzue? Badago modu objektibizatuan merezi izana neurtzerik? Modu absolutuan pentsatuta, ezin esan merezi izan duenik hildakoak, errepresioa eta sufrimendua eragin dituen jarduera batek. Baina orduan, sufrimendua sortu duen zer jarduerak, zer gerrak, merezi izan du? Esan genezake, adibidez, historiako gerra batek ere ez duela merezi izan? Modu erlatiboan pentsatuta, berriz, baloraziozko galdera bihurtzen da, galdera egiten duenaren subjektibitatean sartzen baikara. Balorazioa egiteko, jokoan sartzen dira egindako lanaren neurria eta eraginkortasuna.

Eraginkortasunaren neurria, berriz, irabaztea eta galtzea izan litezke. «Zer irabazi duzue?», galdetu ohi da batzuetan. Modu absolutuan neurtuta, eta sufrimenduari erreparatuta, irabazi baino, galdu egin da, ez dago zalantzarik. Baina maila erlatibo eta politikoan ebazten den gaia dugu hau. Zeozer irabazi edo galdu dugu maila erlatibo horretan?

Bai barrutik eta bai kanpotik, esango nuke harridura puntu bat sortzen duela ETAren ordezkapena hain modu antolatu eta ez-traumatikoan egin izanak. Ezin ukatu izan diren tirabirak, hasieran batez ere, noraezak eta zalantzak, hori dena egon baita. Baina esango nuke ETAren jarduna magnifikatuta zegoela, eta ezker abertzalearena, aldiz, gutxituta, ETAren tresna huts gisa (kanpotik hala agerrarazi nahi zelako, besteak beste). Ez zen horrela, argi dago, ezker abertzalea ETA baino askoz gehiago baitzen (hasteko, gogora dezagun ezker abertzaleko zenbat militante diziplinatu izan den ETAren jarduerarekin bat ez zetorrena). Horregatik, ETAren amaierak ez du ekarri ezker abertzalearen amaiera, alderantziz baizik: helburuak lortzeko bidea aldatu behar zela jakinik, urteak daramatza ezker abertzaleak oraingo egoerara egokitu nahian. Hortik dator indar metaketa berriak proposatzea, bai maila politiko-instituzionalean, EH Bilduren bidez; eta baita, herri mugimendu gisa ere, beste eragileekin batera, herrigintza eredu berriak bilatuz.

Zer irabazi, orduan? Nire ustez, nabarmendu litekeen lehenengo gauza da oro har galdu izanaren sentsaziorik ez dagoela: batzuek beldurrez eta besteek pozez irudikatzen zuten hondamendia ez da gertatu. Eta hala izan da ezker abertzaleak jardunean jarraitu duelako, bere proiektua lantzen eta bide berriak jorratzen. Ezker abertzaleak proiektu bat du Euskal Herriarentzat, eta horri ekin dio, amaiera sentsaziorik gabe. Ez dago amaierarik, proiektua bera ez dagoelako beteta, eta oso garrantzitsua, ETAren jarduera ez zegoelako proiektu osoa lortzera bideratuta. Aitzitik, ETA tresna zen, eta bai KAS Alternatiban, Alternatiba Demokratikoan, edo ondorengo negoziazio saioetan helburua ez zen ezker abertzalearen proiektu osoa gauzatzea, berau abian ipintzeko oinarria ezartzea baizik, euskal herriak izango baitzuen azken hitza. Ezker abertzalea jakitun izan da beti bere proiektua ETAren jarduera bera baino harago zihoala.

1950eko hamarkadako testuinguruan gatazkak bideratzeko orduko ohiko moduari atxiki zitzaion ETA, eta testuinguru hartako ezaugarriak hartu zituen. Hirurogei urte geroago beste testuinguru batean bizi gara, eta injustiziek eta gatazkek orduan bezain gordin irauten dutela esan dezakegun arren, horiek bideratzeko moduak aldatu dira gaur, eta horri lotu behar zaio oraingo ezker abertzalea. Orduan, ETAk hartu zuen teorizazio berria egiteko protagonismoa, orain arte iraun duena, eta oraingo testuinguru desberdinean ezker abertzaleari dagokio teorizazio berriari ekitea, bere betiko helburuari eutsiz: era guztietako injustiziari amaiera ematea, euskal herritarren nahiak, ezinegonak eta proposamenak kontuan hartuz. Etorkizun hobea eraikitzeko berresten dugun gure konpromiso zintzoa izango da orain arteko sufrimendua leuntzeko modu bakarra, «merezi izan zuela» iritzira hurbilduko gaituena.