18 MAI 2018 LABen iritziz, hezkuntzan lorturiko akordioak «guztion garaipena» dira Sindikatu abertzaleak prentsa agerraldia egin zuen unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan lorturiko akordioen balorazioa egiteko. Hala, arlo guztietako lan baldintzak hobetu direla ziurtatzeaz gain, ELAren jarrera kritikatu zuen «langileekin zintzo ez jokatzeagatik». GARA BILBO Asteazkenean ELAk egin bezala, atzo LABek unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan lorturiko hitzarmenen balorazioa egin zuen. Akordioak LAB, Steilas, CCOO eta UGTk sinatu zituzten Lakuako Hezkuntza Sailarekin arlo guztietan (sukalde, garbitzaile, heziketa berezi, haur eskola zein irakaskuntzan) eta sindikatu abertzalearen iritziz, «guztion garaipena dira» hitzarmenok. Gorka Berasategi LABeko zerbitzu publikoetako sektoreko ordezkariak kritikatu zuen ELAk posizio «maximalista» izan duela negoziaketan eta Hezkuntzako afera erabili duela «langileen interesei baino beste interes batzuei begiratzeko». Horrez gain, kexu agertu zen ELAk LABen irudia proiektatzeko duen moduarekin: «Interesatua eta propagandistikoa da, ez du errealitatearekin zerikusirik». Era berean, Berasategik adierazi zuen sindikatuko ordezkariek gogotik egin dutela lan negoziazioan eta «harrotasunez» esan dezaketela helburu gehienak bete direla. «Helburua lan eskubideak berreskuratu eta hezkuntza publikoaren kalitatea hobetzea zen», zehaztu zuen. Murrizketei buelta eman LABen ustez, eta atzo Aitor Nuñez ordezkariak ziurtatu zuenez, negoziazio mahaiak eman zezakeen guztia aprobetxatu dute. Hala, Nuñezek ziurtatu zuen «modu adierazgarrian» hobetuko direla lan baldintza eta zerbitzuak Haurreskolen Patzuergoan, Heziketa Berezian, baita sukaldari eta garbitzaileen kasuan ere. Irakaskuntzari dagokionez, 7 greba egunen ondoren, «bi garaipen» lortu zituztela azpimarratu zuen: «Murrizketa latzei buelta ematen hastea eta lan hitzarmen berria garatzeko abiapuntu sendoa ezartzea». Horregatik, hain zuzen, aurrerapauso garrantzitsutzat jo zuten «Administrazioaren jarrera itxia apurtu eta negoziaketan sakontzeko aukera ireki» izana. Bestalde, ELArekin azkenaldian duten harremana «oparoegia» ez dela onartu zuen Berasategik eta hobetzeko lanari ekitera deitu zuen. «Langileen eskubideak defendatzeko sindikatuen batasunak ez du alternatibarik herrialde honetan», ohartarazi zuen LABeko ordezkariak. IRAKASKUNTZASinaturiko akordio guztietan hobekuntza nabariak lortu direla adierazteaz gain, irakaskuntzan «murrizketa latzei buelta eman eta lan hitzarmen berria garatzeko abiapuntu sendoa» ezarri dutela azpimarratu zuten.