GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Errepresio performatiboa, berriro ere


Ingeniaritza juridikoa, kontakizunaren araberako errepresioa... espainiar monarkia autoritarioak betiko fatxakeria eta topiko postmodernoak uztartzen ditu, askatasun politikoen kontrako betiko gurutzadan jarraitzeko. Zer uste zenuten, bada, ETAren kontrako borrokak ETA behar zuela? Ez, lagunok, ETA gabe ere egin daiteke, estatu etsaia behar dute eta, bere burua desegin badu ere, mamu gisa bizirik mantendu nahi dute, Espainiak zerbait irabazten duela sinetsi eta sinetsarazi ahal izateko.

Espainiak, alta, ez du ezer irabazi, Euskal Herrian duela 60 urte baino arazo larriagoa baitu. Aranburuk hamaika panfleto idazten ahal ditu, eta Rajoyk eta Belen Estebanek telebistan goraipatu edo Enric Julianak kontakizunaren lehiaren txapeldun literariotzat hartu, baina hitzek ezin dute edozer lortu, uste hau oso postmodernoa izanik ere.

Espainiar agenda ezarri nahi dute Euskal Herrian, ezker abertzalearen eta espainiar Estatuaren arteko gatazkaren markoa indartuz. Beranduegi da, ordea. ETAren urtzearen metaforak gatazkaren transformazioa islatzen du: dagoeneko hautsi da Espainiak eraiki nahi zuen harresia. Jendartearekin dute arazoa, ez talde zehatz batekin.

Iraganeko formuletara jotzeko obsesio honek beste estrategiarik ez dutela adierazten du, batez ere. Espainiar Erresumak ez du gehiagorik ematen, agorturik dago. Mendekua zapuzketa estrategikoaren froga da. Irabazten duenak maniobra estrategikorako aukerak ditu, eta, batez ere, ez du garaipena antzeztu behar. Mina egiten dute, bazterrak nahasten dituzte, haserrea piztu, baina ederki dakigu denok ETAren azken erabakiak txundituta utzi dituela. Egin dutenak horixe bera baieztatzen digu, asmoa kontrakoa bada ere.

Performatibotasun mugatua du espainiar estrategia honek, ezker abertzaleak ez baitu amua irentsiko, eta, batez ere, euskal jendartea beste kode batzuen inguruan kokatzen baita gaur egun.