21 MAI 2018 Euskal zinema Iparraldetik garatu nahi duen proiektua sortu berri da Gastibeltza Filmak deitzen da Ximun Fuchs eta Josu Martinezek sortu duten enpresa, euskal zinema ekoitzi eta banatzeko xedearekin. Beraiekin batera Manex Fuchs, Eñaut Castagnet eta Katti Pochelu ere ari dira. Ipar Euskal Herrian euskal zinemaren alorrean dagoen eskasiari erantzun nahi diote, egitura finko bat sortuz garapen ekonomikoa ahalbidetuko duena. Urtean hiruzpalau film banatzea eta bizpahiru ekoizpenetan parte hartzea dute xede. Idoia ERASO SENPERE «Momentu inportantea da Ipar Euskal Herrian, lehen aldiz historian hainbat baldintza betetzen dira eta zinema egiteko aukera zabaltzen ari da. Egiturak sortzea da gure asmoa, baldintzak ematea euskal zinema egiteko», baieztatu zuen Josu Martinezek, sortu berri duten Gastibeltza Filmak enpresaren inguruan. Ximun Fuchsek gaineratu zuen: «Lurraldeko abentura bat sortzearen pretentsioa dugu. Pozgarria da zerbait zerotik hastea, dena egiteko dagoen esparru batean, eta beharko dugu jende guztiaren laguntza». Euskal zinemaren ikuspegi orokorretik baliabideak eta ezagutzak metatzearen garrantzia azpimarratu zuten. «Elkar elikatzeko manera da, Hegoaldekoekin lan eginez, beraien esperientziatik ikasten dugu, gure errealitateari egokituz. Eta guk Frantzian eta hemen filmak banatzeko dugun esperientziaz baliatzeko parada ematen diegu», azaldu zuen Katti Pocheluk. Jarrian, honakoa gaineratu zuen: «Hegoaldeko ekoizpenentzat Iparraldeko banaketarako erreferente izan nahi dugu». Ekoizpen mailan soilik koprodukzioetan parte hartzeko asmoa dute, eta, banaketa mailan, Ipar Euskal Herrian eta Estatu frantsesean euskal zinemari tokia egitea dute xede. «Zinema ere beharrezkoa da lurralde batek bere nortasuna definitzeko, nortasuna garatzeko bere ugaritasun handienean, eta, horretarako, esparru ekonomikoa sortu behar da», esan zuen Fuchsek. Proiektu eraikitzaileak Gastibeltza publiko egin aitzin lanean aritu dira ia urtebetez, hori dela eta, jadanik hainbat proiektu abian dituztela azaldu zuen Martinezek: «Ximun eta ni aurreko uztailean bildu ginen lehen aldiz, prozesu luzea izan da, baina ez gara geldirik egon». Lau dira publiko egin dituzten film egitasmoak. Egitura berriaren sorreran bertan dagoen “Non” filmaren banaketa da ziurtatuko den lanetako bat. Castagnetek eta Ximun Fuchsek 2017an aurkeztu zuten obraren hedapenak enpresa berriaren oinarriak jartzen lagundu duela azaldu zuen Martinezek: «Filma Frantzian banatuz esperientzia bildu dute, eta gauza asko ikasi dituzte». Pocheluk, zentzu horretan, honakoa azaldu zuen: «Filma 48 zinema gelatan aurkeztu da, bidea egiten hasiak gara, eta hobeki ezagutzen ditugu hemengo sareak». Irailean estreinatuko den “Gure oroitzapenak” filmarentzat Ipar Euskal Herrian egin diren filmaketak kudeatu dituzte, eta Pirinioen iparraldeko banaketa ere beren gain hartuko dute. Inplikazio maila berarekin ari dira lanean “Lezo: amets kontrabandista” dokumentalarekin. Lezo Urrestietaren bizitza ezagutzea proposatuko duen obra Donostiako Tentazioa Produkzioekin batera ekoizten ari dira. Gaia Euskal Herria duen dokumental frantses batean parte hartzea ere erabaki dute: “L’Hypothese democratique”. Delibero horren atzean enpresak duen filosofia atzematen da, izan ere, euskal zinema garatzea xede nagusi badute ere, bestelako produkzioetan engaiatzeko parada ez dutela baztertzen baieztatu zuen Fuchsek: «Beharrezkoa iruditzen zaigu kanpoko lan bat heltzen bada gure lurrera, aktiboki parte hartzea, bideratzeko bertan egiten duten errelatoa, panorama pixka bat zabaltzeko». Thomas Lacoste sortzaile ezagunaren dokumental horrek euskal gatazkaren historia kontatzen du irakurketa geopolitiko berri batekin, Gerra Zibiletik ETAren desegitera arte. 2019an estreinatuko den dokumentalaren banaketa ere eginen dute. Oraingoz aipatu egitasmoak soilik eman dituzte ezagutzera, baina beste batzuk ere lantzen ari direla ziurtatu zuen Fuchsek: «Hurrengo hiruzpalau urteetarako proiektu ugari ditugu garatzeko. Enpresa sortu aurretik izan dugu eskaera eta jada ezin ditugu proiektu gehiago hartu. Eskaera mailan, gu bezalako beste hiruzpalau enpresa gehiago sortu ahalko ziren». «Gure oroitzapenak», postprodukzioan Joseba Sarrionandiaren obra poetikoan oinarrituta Euskal Herriko eta nazioarteko hamabi zinemagile osatzen ari diren “Gure oroitzapenak” film kolektiboa postprodukzio fasean dago jada. Bilboko Adabaki ekoizpenekin batera lanean ari da Gastibeltza. Filmeko sortzaileetako bat izateaz gain, Ipar Euskal Herriko enpresaren izenean lanean ari da Josu Martinez: «Oso film konplexua da, herrialde ezberdinetako hamabi zinegileren piezek bat egin behar dute. Puzzlea osatu nahi horretan ari gara orain». Asier Altuna, Mireia Gabilondo, Fermin Muguruza, Itziar Leemans, Oskar Alegria, Maialen Sarasua, Ane Muñoz, Maider Oleaga eta Josu Martinez euskaldunekin batera, Eugene Green estatubatuarrak, Ozcan Alper turkiarrak eta Carlos Quintela kubatarrak egingo dituzte filmeko istorioak. Irailean estreinatuko den obra Ipar Euskal Herrian ikusi ahalko dela ziurtatu zuen ekoizleak, baina Estatu frantsesean ere hedatuko duten, unean deliberatuko dutela erran zuen: «Jakinda euskal idazle baten unibertsoa dela, interesa lortu behar da Euskal Herritik kanpo ere». I.E.