GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Bolumena


Euskal kultura kontsumitzeko ohiturez, azken boladan badabil balantza neurgailu bat. Badut susmoa aurreikusi gabeko emaitzen dantza baterako piztu duela musika-katea norbaitek baina diskoa eragin etengabean zela aspaldian, bolumena jaitsita bazen ere, inork ez entzuteko moduko tonuan.

Euskaldunok ez dugu euskarazko literaturarik apenas kontsumitzen eta gehienok diogu ez daukagula horretarako gaitasunik. Eta ari dira hala iritziak zabaltzen, «ez dut egiten, nahi ez dudalako» zuzen bat onartu beharrean.

Euskal kulturaren industriak baditu hainbat aurpegi, kontsumitzaile abanikoak adina bisaia, baina badirudi justifikazioak behar dituela nork berea salbatze aldera. Badira industria handiagoak eta bere txikitasunean handi direnak ere. Ekoizpena legoke batzuentzat aurrean, zifrak, merkatuak eta salmentak. Ekarpen intelektuala, kalitatea eta eskaintza neurtuagoa beste batzuengan. Atzean, beti sortzaile bat. Izan daiteke panorama berbera edo antzekoa arte eszenikoetan, musikan, zineman edo literaturan. Baina sortzaileak bi hitz ditu normalki; artista-prekarioa.

Euskal kulturaren kontsumoarekiko kezkak bolumena igoarazi du, eta orain, orkestra kontzertua da entzungai edonon, bakarlari xaloen gitarra hots eztiaren gainetik tempoa suhar markatzen duten perkusio lodiak, populuaren sopranoak ozen, bizkor. Alarmaren bolumena goratu dute, baina egun euskal kultura ez da pista bakarrekoa. Bere estereoan, beste aldetik datorren hotsa jaitsarazi dute, autokritika belarrietara iritsaraz dezakeen bidea antzutuz. Guztia letra larri, guztia alarma gorri, aspaldian dago piztuta suteen kontrako argia.