GARA Euskal Herriko egunkaria
Eskalada

Ignacio Mulerok«The Meltdown»-en lehen errepikapena sinatu berri du

28 urteko eskalatzaile madrildarrak Galesen dagoen bide hori egin ahal izateko soilik 18 saio behar izan ditu. «The Meltdown»-ek plakako 9a zailtasuna du.


Ignacio Mulero 28 urte dituen eskalatzailea da. Gaztea bada ere, eskaladaren adar ugari bikain baino bikainago menderatzen ditu. Hitz batean esanda, eskalatzaile osoa da. Madrildarraren curriculumari begiratzen badiogu, honako zerrenda ikusiko dugu: blokean 8c egin du, trad estiloan 8c ere bai, La Pedrizan marra klasiko artifizialak askatu ditu (8c graduko proposamenak), 8c zailtasuneko hig ball edo tsunami bat egiteko gai da, bide itsaskorretan 8c+ igo du, kirol eskaladan 9a-n sartu da...

Eta hori gutxi balitz ere, joan den maiatzaren 26an plakako 9a bat kateatu zuen. Galesen izan da, Llanberis izeneko sona handiko arbelezko hormetan. Eta aukeratutako xedeak “The Meltdown” izena du. 80ko hamarkadan Johnny Dawes-ek sortu zuen, eta duela sei urte James McHaffie-k puntu gorria jarri zion.

Mulerorena bigarren igoera edo lehen errepikapena izan da, eta bertako eskalatzaileek madrildarraren jarduna txalotu dute kanpoko espezialista batek lortu duelako.

Bai, harrigarria da protagonista honek azken bolada honetan sinatu dituen goi mailako eskaladak. Harrigarria da, halaber, plakako muturreko zailtasuna duen marra horretan ekinaldi gutxi behar izan dituela: «Uste dut nahiko azkar kateatu dudala. Bide horretan denbora edo egun asko igaro ditut, baina ekinaldi gutxi egin nituen. Hasieran, eguraldi euritsua egin zuelako, eta, ondoren, beroak bisita egin zigulako. ‘The Meltdown’ iaz ezagutu nuen; nire lehen bisita izan zen. Egun batean soilik bi saio egin nituen. Orain, berriz, 18 ekinaldi egin ditut. Egun askotan pasa nintzen handik, baina soilik saio bat egiten nuen».

«Ezin da alderatu»

Mulerok bide horri egin dion bisitak badu azalpen argi bat. Duela urtebete, madrildarrak La Pedrizan dagoen “Territorio comanche”-ri puntu gorria jarri zion. 8c+ bezala aurkeztu zuen; hots, bide itsakorretan eginiko munduko proposamen gogorrenetarikoa.

Izaera horretako proposamena egitea batere erraza ez denez, eskalatzaile honek iaz Galesera bidaiatu zuen; izan ere, “Territorio comanche”-rekin alderatu daitekeen marra bakarra “The Meltdown” da. Bisita horretan McHaffie-rekin hitzordua egin zuen, eta madrildarrak hau onartu zuen: «Oso-oso gogorra da, baina ‘Territorio comanche’-rekin ezin da alderatu».

Alabaina, iazko saio horri aurten jarraipena eman dio. Eta, aipatu dugun bezala, Llanberiseko bide horren lehen errepikapena eskuratu du: «Marra berezia da oso. Mugimendu eroak ditu. Horrekin esan nahi dut eskuarki egiten ez diren pausoak dituela. Adibide soil bat: une zehatz batean oin bat eskuarekin behar duzu hartu. Paraboltekin babestuta dago, baina lekua bitxia da oso. Bide hori pareta baten erdian dago. Rapelatu egin behar duzu, erlaitz batean geratu eta, ondoren, ‘The Meltdown’-ek dituen 20 metroak eskalatu».

Nahiz eta bide hori plaka etzan bat izan, Mulerok argi utzi du bide itsaskorrekin ez duela zerikusirik: «Oin txarrak eta irristakorrak ditu, eta horrek hatzetan indar handia izatera behartzen zaitu. La Pedrizako eskalada, berriz, oso ezberdina da. Oinekin ondo moldatzen bazara, gauza ederrak egin ditzakezu. Ez duzu ia heldulekurik, baina era berean oinak eta hatzak jartzeko zimur asko dituzu. ‘The Meltdown’-en, berriz, oinentzat eta hatzentzat helduleku zehatzak dituzu. Beraz, esaten dudan bezala, bi estilo arras ezberdinak dira. Baina bietan ala bietan gozatu dut».