GARA Euskal Herriko egunkaria
LIBURUAREN AURRERAPENA

ETAren azken zuzendaritza, iraganaz, orainaz eta geroaz mintzo

GARAk hurrengo asteburuan kaleratuko duen elkarrizketa-liburuak lekukotasun historikoa jarriko du irakurleen eskuetan, ETAk emandako azken-azkena baita. Baina iragana ez da ardatz bakarra: bere jardunaz ez zuen galderarik saihestu azken zuzendaritzak, baina, horrez gain, oraingo erabakia azaldu eta egungo egoera politikoa baloratu zuen eta biharko aukera eta arriskuei erreparatu zien. Honatx pasarte batzuk:


Carrero Blancoren kontrako ekintzatik hona denbora asko pasatu da...

(...) Batzuek esango dute Francoren ostean jadanik ez zegoela justifikatuta borroka armatua egitea; beste batzuek geroago jarriko dute muga, Estatutuarekin, Aljerren, edo Lizarra-Garazin... Normalean norberaren ikuspuntuaren edo interesen arabera. Askok eboluzio bat izan dute, baldintza politikoak eta sozialak aztertuz edo norberaren barruko kontraesanak askatuz. Zilegi da. Xelebreagoak izan dira beste kasu batzuk. Gogor-gogorrak ziren borroka armatua defendatuz, denetan gogorrenak, eta gero halaxe egin dute erakundearen kontra ere. Orduan ere, eskrupulurik gabe. Arnegatuak ez dira adibide oso eraikitzailea, egia esan.

Guretzat, kondena unibertsala eta erabatekoa ez dator errealitatearekin bat. Hutsala da, zinikoa, eta gatazka desitxuratzea baino ez du helburu. Hori dioten askok faltsua den nagusitasun moral bat darabilte. Halere, halako kondena unibertsala ez dela zuzena esaten badugu ere, gure helburua une honetan ez da borroka armatuari gorazarre egitea. Badakigu horrek ez duela errazten datorren fase politikoak eta gatazkaren konponbideak eskatzen duten prozesua.

Eragindako kaltea errespetuz aitortzeko ordua da, besteek jasan dutenaz zintzotasunez jabetzeko, eta berradiskidetzeko ahalegina egiteko. Sendabidea bilatzeko ordua da, guztien eskubideak errespetatuz eta arazoei konponbide demokratikoak eskainiz.

Zintzotasunez, borroka armatuari eustea posible zen 2011tik aurrera, termino humanoetan eta materialetan ere?

Bai. Azken urteetan borroka armatu eraginkor bat garatzeko izan genituen zailtasun eta ezintasunak ez ditugu ezkutatzen, bistakoak dira, eta borroka armatua ETAk historikoki egin duen moduan garatzea gero eta zailago bihurtu zen. Baina, baliabideei eta ahalmen operatiboari dagokienez, ETAk bazeukan aski gaitasun borroka armatuari denbora luzez eusteko eta Espainiako Estatua kolpatzen jarraitzeko.

Borroka armatuarekin erresistentzia hutsaren ikuspegi batetik irautea posible zen, baina borroka armatuak galdua zeukan baldintza berriak sortu eta egoera politiko berriak irekitzeko ahalmena.

Hortik dator haren agortzea.

Sufrikarioaren sozializazioaren kontzeptua askoren ahotan egon zen 1990eko hamarkadan. Okerra izan zen teorizazio hori?

ETA ez da oraindik gai esateko ezker abertzaleari leporatzen zaion kontzeptu hori nondik eta nola etorri zen, baina egia da oraindik ere askotan aurpegiratzen zaiola eta zaigula. Argi mintzo gaitezen: ezin okerragoa da. Konponbidea lortzea gizarte osoari dagokion kontua da, askatasunaren alde egitea, norbera bere mailan, herriari dagokio, baina iradokitzea sikiera sufrimendua gizarte osoan hedatu behar dela astakeria handia da.

Zuzenagoa da, oso gutxitan aipatu den arren, 1980ko hamarkadan Herri Batasuneko txostenetan jasotako kontzeptua: helburua «gatazkaren giza kostea eta gure herriaren sufrimendua ahalik eta gehien murriztea» dela, hain zuzen ere.

ORAINALDIAZ

Prozesu independentista batek behar duen indar metaketarako oztopoa izango al zen erakundea ezinbestean?

Konprenituko duzunez, prozesu independentistarentzat oztopo izan gintezkeela entzuteak ez digu batere graziarik egiten. Uste dugu ez dela formulazio egokia. Beste batzuetan, entzun dugu halakorik. Lizarra-Garaziren garaian ELAri entzun genion «ETA sobra y estorba» esaten, eta bazirudien hori zela arazo bakarra. Urteak pasatu ahala, askotan ikusi dugu besteari eskatzea aitzakia ere izan dela norberaren gabeziak estaltzeko. Ez diogu hori inori zehazki aurpegiratzen; gogoeta orokorra da, eta gure helburua ez da orain halako polemiketan hastea, elkarri mokoka. Baina esan nahi dugu batzuetan bazirudiela ETAk borroka armatua utziz gero dena oso erraza izango zela, eta ez zen eta ez da horrela. Uste dugu ekinbide politikoan gauzak aldatu behar direla, eta pentsatzen dugu ondokoari eskatu aurretik norberak ere egin behar duela. Horretan aritu da ETA azken urteotan.

Eta, gure azterketaren arabera, independentziarako prozesuak behar duen mugimendua behar bezala egituratzeko, horren araberako protagonistak eta eragileak antolatu behar dira, eta zintzoki diogu eskema horretan ez dugula gurea bezalako erakunde klandestino baten ekarpena ikusten. Izan ere, izatekotan, ekarpen kualitatiboa beharko luke izan, eta hori ez da bateragarria mugimendu horrek izan behar duenarekin. Eratu beharreko gehiengo zabalak ez luke ulertuko (...).

Ikuspegi historikotik begiratuta soilik, ia 60 urteko bidea ixteak bertigoa eragin behar du, edo ardura behintzat. Nola gainditu dira sentsazio horiek?

Nekez. ETAko gaur egungo Zuzendaritza Batzordeak proposamena aurkeztu zuenean aitortu zuen, beharbada, ez zuela halakorik egiteko nahikoa ibilbide. Zinez pentsatu genuen. Horregatik zen garrantzitsua Zuzendaritza Zabaleko kideen iritzia jasotzea. Gure proposamenak nahikoa oinarri ba ote zuen jakin nahi genuen. ETAren kulturan, Zuzendaritza Batzordeak proposatzeko eta egiteko zilegitasun osoa du, baina geure burua zalantzan jarri genuen hasieran, horrelako erabaki batek eskatzen duen arduraz jabetuta.

Ahuldadearen seinaletzat ere har daiteke, baina halaxe ekin genion gaiari. Zorionez, Zuzendaritza Zabalak babestu zuen proposamena, eta, ondoren, kidegoak ere babes erabatekoa eman dio. Gainera, nazioarteko eragileekin eta Euskal Herriko zenbait eragilerekin izandako harremanak segurtasuna eman digu.

Txostenetan, argi aitortzen da borroka gogorra eta luzea izan arren erakundeak ez dituela helburuak lortu. Laburbildu liteke, hitz gutxitan, zer lortu duen eta zer dagoen lortzeke?

Balantze hori egiteko, ikusi besterik ez dago ETA jaio aurretik Euskal Herria zer egoeratan zegoen, Francoren diktaduraren barruan herri gisa betiko hiltzeko arrisku bizian. Azken 60 urteotako ziklo historikoan, nazio suspertze bat gertatu da, independentziaren egitasmoa sektore zabaletan errotu da, Espainiarekiko arrakala handitu egin da, eta, oro har, helburu horien inguruan herri indarra pilatuz joan da. Hots, uste dugu askatasunaren bidean aurrera egiteko nahikoa oinarri jarri dugula; aberri bizi bat daukagu, eta lehen itxiak zeuden bideak irekiak daude orain.

Gaur egun, baldintza politiko hobeak, tresna gehiago eta gehiengo zabalagoak ditugu gure erronka nazionalei ekiteko. Baina horiek guztiak ez dira berez ETAren lorpenak, borroka eredugarria garatu duen herri batenak baizik. Hamarkadetan zehar Euskal Herriaren defentsa antolatzearekin batera eraikuntza nazional eta sozialean murgildurik aritu den ezker independentistak ereindako haziaren uzta da.

Hein berean, umiltasunez onartzen dugu gure helburuak osoki ez ditugula lortu, ETAren xedea Euskal Herriaren askatasuna erdiestea izan baita, eta gure herria oraino ez da aske (...). ETA independentziaren bidean egoera eta baldintza hobeak lortzeko abiapuntua izan zen; orain, bideak jarraitzen du, ETAren amaiera ez baita gure borrokaren epilogoa, ibilbide berri batean ilusioz abiatzeko mugarria baizik.

Kataluniako prozesua inspirazio iturri izan daiteke. Estrategia aldaketarekin ezker abertzaleak irudikatu zuen «altxamendua» paradoxikoki han gertatu da baina hemen oraindik ez. Etsigarria al da?

Ezaugarri propioak ditu Kataluniakoak, Euskal Herriarekin ezaugarri komunak ere badituen arren. Astiro-astiro eta gero abiadura hartuz mugimendu idartsu bat nola joan den eraikitzen gauza ikusgarria da. Ordura arte alderdi nagusiak zirenak baldintzatzea lortu du. Euskal Herrian izandako estrategia aldaketak eta ETAk 2011n hartutako erabakiek bere eragina izan dutela esatera ausartzen gara. Eragina izan dute estatu krisia areagotzeko eta, zehazki, Kataluniakoa bezalako prozesu bat intentsitate osoan azalarazteko.

Hemengo ziklo aldaketak erraztasuna ekarri zien haiei, baita Estatu osoan 78ko erregimena gainditzeko indartzen ari ziren ahotsei ere, azken horiek aukera aprobetxatzen ez dutela jakin esan badaiteke ere. Aurreko garaietan, Estatuak Euskal Herriko konfrontazio politiko- militarra aitzakia gisa erabiltzen zuen arazoak estaltzeko eta denak lerrokatuak mantentzeko. Urtetan ETAren borrokak Espainiaren proiektua egonkortzea galarazi eta aukerak zabaldu zituen bezalaxe, ETAk borroka armatua utzi izanak Katalunian indartzen ari zen mugimendua baldintza hobeetan garatzea ahalbidetu zuela esango genuke. Atrebentzia ez bada.

Bestalde, hemen beste faktore baldintzatzaile batzuk izan dira urte hauetan; gatazkaren ondorioak konpontzeko lehentasuna, bereziki. Eta horrek beste abiapuntu bat sortu zuen gurean, Kataluniarekin alderaturik. Bistan da han manifestazio handienak Diadarenak zirela eta hemen handienak presoen aldekoak izan direla. Plano teorikoan, osagai politikoak berdintsuak izan daitezke han eta hemen, baina horiek eraginkor egiteko «tempusa» ez da berdina.

ETORKIZUNAZ

Genero borrokaren alorrean, bistan da oso garai ezberdinak direla 1960ko hamarkadakoa eta oraingoa. Hasieratik bukaerara, emakumeen parte-hartzeari zer garrantzia eman dio erakundeak? Nahikotzat jotzen du zuzendaritzan edota militantzian izan den ekarpena?

Emakumearen diskriminazioa gaitz bat da, eta guztiok jotzen gaitu. ETA gaitz horretatik aparte egon dela pentsatzea okerra litzateke, baina egia da erakundea oso goiz hasi zela horren kontziente izaten, barne agirietan erakusten denaren arabera. Emakumeen borroka goiz txertatu zen haren ideia politikoetan, nahiz eta seguruenik beharrezko indarrarekin ez izan. Gizarte honen aldaketarako, berdintasunaren borroka funtsezkoa da, eta bandera hori gaur egun emakumeen eskuetan da. ETAren ekinbide politikoan zein armatuan, emakumeen ekarpena ezaguna da; justu prozesu honetan zehar joan zaigu Belen Gonzalez Peñalba, hil aurretik boza emateko aukera izan zuena.

«Ismo» guztiak nola uztartzen dira prozesu independentista batean? Arriskutsu ikusten al duzue «Euskal Herria honelakoa izango da edo ez da izango» esamoldea?

Horrelakoekin zer esan nahi den ulertzen dugu; Euskal Estatua ez dadila eraiki aldarrikapen horien aurka. Beste gauza bat da honelako betebeharrak aurrebaldintza gisa planteatzea, prozesu «garbi» eta kontraesanik gabeko baten izenean. Edozein estrategiatan, eskuak zikindu behar dira eta lehentasunak markatu behar dira. Hasieratik esaten bada Euskal Estatua ez dela izango bakoitzak nahi duen bezalakoa ez bada, baldintzatzeko asmoa begibistakoa da, eta soilik statu quoari egiten zaio mesede (...).

Prozesu guztiek kontraesanak dituzte barnean, eta horiek kudeatzen jakin behar da. Fase historiko honetan, Euskal Estatuaren sorrera marko egokia da konponbide emantzipatzaileak behar dituzten auzi horientzat guztientzat. Beraz, leloa bada, balio du, eta ez da arazorik; baina, aurrebaldintza gisa jartzen bada, horrekin trena geltokitik abiatzea ekidin nahi bada, ez da onargarria. Izan ere, aldarrikapen horiek azken bururaino eramateko aukera bakarra Euskal Estatua erdiestea da.

Kantu zaharrak zioen «biharko ikastoletan» Txikia eta abarren izenak irakatsiko dituztela. Hori oraindik gerta daitekeela uste duzue?

Deslegitimazioaren batailan batzuk tematuta dauden honetan, esan behar dugu gu ez garela bizi halako obsesioekin, eta gure lehentasuna oraintxe prozesu politikoan dagoela erabat (...).

Kantu berari helduz, Sasetaren edota Txikiaren izenak zikintzen tematzen badira eta Mola eta Meliton Manzanasen aldeko kantak asmatzen badituzte, bistan da porrot egingo dutela. Halere, gure umeak herri osasuntsu batean eta askatasunean bizitzea baino ez dugu nahi. Bobby Sandsek esan zuena birformulatuz, gure umeen irribarrea izango da bidean erori diren lagunentzako omenaldirik onena. Kanta dezatela orduan nahi dutena, izango baita garai horretarako abesti zahar eta berri egokirik.