Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Argazkiak gogoan

Mundua aldatzen ari da». Holaxe bota ei zuen urte dezente direla bertsolari handi batek. Gaur egun ez da bertsolari izan behar hori esateko, baina bertsolari izanda hobeto azaldu daiteke hori, beste guztia ere, samurrago, eta plazatik gainera! Tira, harira! mundua aldatzen ari dela, demontre!

Horra oposizioa, kasu baterako. Oposizioak telebistan minutuak izateko ez dauka aukera bera gizarte politikoan eta gizarte zibilean. Politikoan gehienetan baztertuta egon ohi da, itzalean, derrepenteko zentsura mozioren bat suertatu arte, eta holakoak arraroagoak izaten dira Euskal Herrian sumendiak baino; hainbat satelite, transgenikoak tartean, orbita berean lerrokatzen direnean baino ez da hori gertatzen, zentsura mozioaz nago oraindik. Baina horra! gizarte zibilean oposizioa eguneroko albistegien ardatz bihurtua! Osakidetzakoa bada, sikiera! Itxura batean, halakoetan filtrazio gehiago izaten da kostaldeko lurpeko aparkalekuetan baino. Mon Dieu!

Eta kostaldeaz nagoela, kolpea gero Mediterraneoko migranteena! Kolpe lotsagarria. Itsasontzian, aurretik txalupan bezala, jitoan ibili dira, batera eta bestera, Europara legen beltza ekarriko bailuketen. Zelan ekarri gaitza baina, gaitzaren sorburu den mundura? Total, uhinen menpe jitoan. Esan liteke itsaso horretan jada ez dela lurrera ailegatzerik duen uhinik, uhinak berak jitoan direla. Belaontzitan baletoz, belak zabalik eta izen handiak agerian, orduan bai, zain izango lituzkete, besoak belak beste zabal, agintariak eta enparauak, kirol-portuko amarralekuan, argazkirako prest…

Argazkiez nagoela, historikoa izan ei da lehengoan urrun hartan aterea, bi mandatarik elkarri bostekoa luzatu ziotenekoa. Hurbilean sikiera historikoagoa izango zen bi euskal sindikatuen buruak gauza bera egiten ikustea. Euskal lab-ela baitira.