GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Gauza batzuek berdin jarraitzen dute


Egoera makurrenetan esperantzarako atea irekitze aldera, “tiempo al tiempo” dio esaera espainolak. Eta batzuetan uneak itxarotea eskatzen du, arnastu eta hausnartzeko. Baina aldaketaren bat desiratuz gero, zertarako balio du itxaroteak? «Gauza batzuek berdin jarraitzen dute, eta ez dirudi aldatuko direnik, ez oraindik. Eta orduan zer?», itauntzen du Delirium Tremenseko “Ihes” abestiak.

Akzioak dakar aldaketa, ezinbestean. Edo behintzat, akzioak bakarrik alda ditzake egoerak, izan arazo pertsonalak, izan gizartearenak, bere osotasunean. Erabakitzeko eskubidea lortu nahi baldin badut, horren alde mobilizatuko naiz. Madriletik, espero ez duzun ezagun jakin batek adoktrinatuta zaudela esan arren.

Berdintasuna lortzeko aldarrikapenetara batuko naiz. Guztiok eman beharko genuke pauso bat aurrera. Bakoitzak ahal duen neurrian, eta posible duen arloan, eta hori eskatzeagatik ez naiz hembrista –azken astean jarritako deitura–. «Nik ez dut ezer egiten, baina horrek ez du esan nahi kontra nagoenik». Eta zerbait egingo duzu? «Ez». Erantzun tinkoa, irmoa. Nire iritziz, horrek ez dauka baliorik, edo nik neuk behintzat ez diot balio erantsirik emango.

Errotuta dagoen norberekoikeriak izan dezake errua halako erantzunetan, edo erosotasunak. Harri txintxorrekin tupust egitean ohartzen gara alboan daukagunaz. Bizitza ez dela hain idilikoa, borrokatu ezean hobekuntzak ez direla berez iritsiko.

Aldaketa nabariak egun batetik bestera gertatuko ez diren bezala. Baina, orduan zer? Ihes? Ez. Eguzkiaren izpiek indartuko gaituzte gure bidean.