GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Demofobia


Antzinako Grezian demokraziaren edo herritar boterearen kontrako paradigma gisa agertu zen terminologia finean pentsamendu aristokratiko bat da, norberaren pribilegioak galtzeari zaion beldurra adierazten du eta beldur horri beldurraren politikarekin erantzuten diote, kasu honetan espainiar Estatuak Katalunian edo Euskal Herrian egiten duen bezala. Espainiar Estatua hiru buruz osatutako Leviathan handi bat da, beldurra eta kontrola hedatzen duen munstroa da. Horregatik demofobikoek ez dute demokrazian sakontzerik nahi, ez dute herri ezberdinek beren geroa erabakitzerik nahi, ez dute kontrola edo boterea galdu nahi, beldurra dutelako, dena galtzeko beldurra.

Espainiar Estatua, historiografia ofizialak esaten duenaren kontrara, historikoki gainbeheran etorri den inperio bat da, oligarkiak, elizak eta kolpistek gidatutako estatu hipernazionalista bat, herri ezberdinen eta demokrazia saiakera ororen kartzela izaten jarraitzen baitu bere sorreratik.

Sanoki pentsatuta, horixe baino ezin dut ondorioztatu demokraziari dioten beldur atabikoa ulertzeko orduan. Altsasuko gazteen sorgin-ehiza, euskararen kontrako agerraldiak edo Kataluniako procésaren aurkako erreakzioak adibide argiak dira beraiena ez den nazionalismoaren edo independentziaren aldeko mugimenduen kontra agertzen duten herra ulertzeko. «Catanazis» edo «vasconazis» dioten horien inkontzientean dogma bihurtutako hipernazionalismo espainiarra dago eta horregatik independentistek «galdu egin behar dute». Ezin dute inperio handi haren gainbehera onartu.

Sergio Fidalgo “El catalán”-eko zuzendariak idatzi du “Usted puede salvar España” liburua. Bertan norbanakoak bere iniziatibaz nazionalismoaren aurka nola egin dezakeen esaten du, «edo guk egiten dugu, edo irabaziko dute» esan zuen aurkezpenean. Horra, zertan laburbiltzen den pentsamendu guztia.

Garaile izango badira, galtzaileak behar dituzte aurrean. Horra demofobikoen eskizofrenia betierekoa.