27 JUIN 2018 GUTUNAK «Manada»-koak aske, katana bana? JOSU JIMENEZ MAIA Idazlea “‘Manada’-koak, emakume samuraien esku” izeneko artikuluan (GARA, maiatzak 3) irudimen ariketa bat eginda, bost bortxatzaile horiek emakume samuraien eskuetan uzten nituen, zigor-ebazpen lotsagarria ezagutu zelarik. Bi hilabete eskas iraganik, kalean ditugu basapiztiak, «Justizia espainola» oximoron bat dela berretsirik. Amorrua, samina eta sumina... Autodefentsa feministarako bidea baino ez zaie gelditzen gure alabei sanferminetan, eta zapi gorriarekin batera gure alabek katana bana eramatea nahi al dute epaileek? Altsasuko gazteak preso eta sakabanaturik, baina bost bortxatzaile askatu berriak etortzen ahal dira berriz ere sanferminetara. Ustelkeriaren erresuman lapur eskuzuriek oro kakaztua, ustelek futbol mundialaren kea baliatzen dute dena estaltzeko; txiza egiten digute gainera eta euria dela erraten digute. Alta, jendartearen oihua ozena da: justizia hau kaka hutsa da... Eta kakajalea koprofagoa bada, Espainiako jujeak, koprojujeak. Eta ez ezazue zalantzarik eduki: gero, juje horiek irribarre egiten dute gure lepotik, begira ez gaudelarik. Bai “Manada”-ren kasuan, bai Altsasuko auziaren kasuan, juje horien epaiak probokazio hutsa dira. Izan ere, Nafarroan duela hiru urte gobernua galdu zuenetik, eskuinak ez du oraindik estrategia eraginkor bat asmatu lehengo egoerara itzultzeko: Ikurrinaren eta euskararen kontrako manifestazioek ez dute erdietsi beraiek espero zuten arrakasta. Estatuak ere ahal duen guztia egin eta eginen du garai zaharretara itzultzeko, eta bi auzi horien epai ahalkegarriak erabili ditu giroa gaiztotzeko eta okertzeko. “Manada”-koen askatzea, bertze koska bat estutzea baizik ez da, ea buruberoren batek ezegitekoren bat egiten duen. Martxoaren 8ko, apirilaren 14ko, ekainaren 16ko eta iragan den asteko manifestazio jendetsuek frogatzen dutenez gero, oker dabiltza. Iruñean sekula ez da horrelako erantzunik ikusi, eta ez soilik kopuruari dagokionez; orain arte horrelako manifestazioetara joaten ginenoz gain, bestelako jendea ere ari baita horrelako manifestazioetara hurbiltzen... Zorionez! Jarrai dezagun plazak betetzen, Nafarroan sekula izan diren manifestazio jendetsuenak ez dira alferrikakoak izanen. Bihotza bero, baina burua hotz!