GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Ez dadila haria eten


Egia da, bai. Efemeride borobilekin enpatxatzeko zorian gabiltza azken boladan. Baina hau aipatu nahi dut, gazte erakundeko kide izan izana beti neure baitan eramango dudan kontua baita. 2019an 40 urte beteko dira Jarrai erakundea sortu zela. Bihar Ernaik belaunaldi ezberdinetako kideekin urteurrena gogoratzeko dinamika bat aurkeztuko du. Jakinik ilegalizazio aroak zer-nolako faktura pasa duen belaunaldien arteko transmisioan, aitzakia polita da belaunaldi ezberdinak bildu eta irakaspenak ateratzeko.

Ez zaizkit interesatzen Allenderen esaldi famatu hartatik eratortzen diren gazteriaren «berezko» iraultzailetasunari buruzko irakurketa biologista edo esentzialista horiek. Gazte erakundea garai bakoitzean, garaiko testuinguru eta estrategiaren arabera Euskal Herriaren askapenaren alde gazteak antolatzeko erabaki politikoak hartu dituen organizazioa da. Zentzu horretan, etorkizuneko erronka berriei modu hobean heldu ahal izateko, egin daitekeen ariketa interesgarriena gazte erakundean historikoki egon diren eztabaida konstanteak zein diren aztertzea da. Zergatik egin diren eztabaida horiek. Zein izan diren hartu diren erabaki zuzenak eta zein okerrak. Erabaki bakoitzak gerora ze ondorio ekarri dituen. Bestela, irakurketa nostalgiko hutsetara eraman gaitzakeen hitoen inguruko zerrendaketa batera mugatzeko arriskua dugu. Ez da interesgarria.

Gazte belaunaldi berriak ETAren borroka armaturik gabeko garaikoak dira. Inpresioa dut sarri ez ote gabiltzan akonplejatu samartuta. Haustura ardatz duen proiektua dugu esku artean. Politika estetikara murrizten duten hitzontzikeria sasi iraultzaile eta minoritarioak baztertu, begiratzeari utzi eta, estrategia (indar metaketa) eta erronken araberako planteamendu berriak egiteko garaia da, euskal gazteriaren gehiengo zabalaren kezkak eta beharrak aztertuz, horientzat guztientzat planteamenduak eginez eta galdera zahar/berriei erantzunez. Zer-nolako ikasle mugimendua, aliantzak gazte eremuan, artikulazioak, zuzendaritza/antolaketa eredua eta askapen mugimenduarekiko lotura, borroka molde eraginkorrak... behar ditugu?