GARA Euskal Herriko egunkaria
HAUR LITERATURA

Hartu lili bat


Atzo, Amaia Hennebutteren “Lili” albuma irakurriz lokartu nintzen, eta, gaur, “Lili bat” abestiak esnatu nau, Sarrionandiaren letretatik Laboak kantatzen zigun hark. Bien artean oharkabean egin dudan loturak harritu nau. Hostoz hosto eranzten da Laboaren lorea, biluztu egiten da barruan duena erakutsi nahiko balu bezala. Petaloz petalo loratzen da Hennebutteren lilia, barruak eskatzen dion moduan bizitzen hasten denean.

Badute beste ezaugarri komun bat, begi bistakoa den tituluaz gain: hitz gutxitan asko esaten dute biek ala biek. Hennebutteren hitzei bakoitzak bere esanahia bilatuko die; izan ere, garen horretatik ulertzen baitugu guztia. Hala ere, funtsean, loraldiaz ari zaigu sortzaile eta artista miarriztarra liburu honetan, hau da, sakon-sakonean garen hori azaleratzeaz, maitatzeaz, estimatzeaz. Finean, autoestimuaz ari zaigu, nork bere buruari dion begiruneaz eta maitasunaz.

Istorio honetako Lilik maite du besteei plazer ematea, eta, haiek bera errespetatzen ez dutenean ere saiatzen da ulerkorra izaten. Gustuko ez duenean edo bere balioen kontra doanean ere besteen nahiei beti baiezkoa emango die, baina bere mugak gainditzen doan heinean, distira galtzen hasten da ia bere burua suntsitzeraino. Orduan ohartuko da, maiz, hurkoari mesede egiteagatik bera izaten dela kaltetua. Kosta egingo zaio lehentasun kontua dela ikustea, hau da, lehenengo bere burua zaindu, estimatu eta errespetarazi behar duela besteak ongi maitatzeko. Baina horretara heltzean loratu egingo da, hazi egingo da barruan daraman edertasun guztia kanporatuz.

Hitzak irakurriz uler dezakegu liburuaren mezu nagusia, baina album honetan marrazkiak ere irakurtzeko dira, eta hainbat irakurketa izan ditzakete. Izan ere, irudien kontakizunari helduz, protagonista batzuentzat lore bat izango da, besteentzat neska bat, eta zenbaitek bere burua ikusiko du bertan irudikatuta. Poesia egiten du Hennebuttek album honetan eta oso irekita uzten du kontakizuna, bakoitzak nahi bezala interpreta dezan.

Istorio asko ezkutatzen dira liburuko hitzen, lerroen eta koloreen artean. Jolas polita izan daiteke haurrekin irudien bidez ipuinak asmatzen ibiltzea. Izan ere, lehen irakurralditik bigarren edo hirugarrenera bitartean izugarri zabalduko da gure ikuspegia; lorez eta hostoz betetako oihan nahasi bat ikustetik, lerro horien artean osatzen dituzten irudi zehatzagoak bereiztera pasatuko gara, eta, irudimena martxan jarriz gero, gauza asko ikusteko gai izan gaitezke.

Koloreari dagokionez ere berezia da lan hau, egileak ez baititu ilustrazio guztiak margotu, baina kolore argiak nabarmen ugaritzen dira amaiera aldean. Horrekin ere, noski, zerbait ematen digu aditzera egileak.

Albuma Baigorriko (Nafarroa Beherea) ZTK argitaletxeak kaleratu du tapa gogorreko edizio zainduan. Baina liburuak badu beste edizio bat ere, tapa bigunekoa eta kolorerik gabea. Mandala itxurako argitalpena dirudi, eta, hain zuzen horretarako sortu dute, nahi duenak nahi bezala margotzeko, haur bakoitzari “bere Lili” sortzeko aukera emateko.

Guztiarekin, album honetan Amaia Hennebuttek hainbeste maite duena lortu duela esango nuke, alegia, gure irudimena dantzan jartzea; artea sortu eta sortzeko eskaintzea haur –eta gazte– literaturaren bidez. Horretan aritua eta aditua da lapurtarra, duela gutxi, hain justu, Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteko presidente izendatu berria.