30 JUIN 2018 Zientzia azterketa ere euskaraz idatzi dute Seaskako ikasleek Kolegioa amaitzerakoan pasatzen den brebeta azterketa osorik euskaraz egitea aldarrikatzen du Seaskak. Matematika eta historiako probak beren hizkuntzan egitea onartzen zaie ikasleei; ez, ordea, zientzietakoa. Hala ere, 179 gaztek azterketa hori ere euskaraz idatzi zuten atzo. Maite UBIRIA BEAUMONT ZIBURU Brebeta azterketaren bigarren egunean, Ziburuko Piarres Larzabal, Kanboko Xalbador eta Larzabaleko Manex Erdozaintzi kolegioen aitzinean protestak deitu zituen atzo Seaskak. Ostegunean frantses eta matematika azterketak egin ostean, atzo historia-geografia eta zientzietakoak burutu zituzten kolegioko ikasketak bukatu berri dituzten gazteek. Orotara, Seaskako federazioan jarduten duten 179 ikasle aurkeztu dira aurten brebeta azterketara. Duela zenbait urte matematika eta historia-geografia probak euskaraz egiteko eskubidea eskuratu zuen Seaskak. Iaz urrats berri bat emanez, zientzietako azterketa euskaraz egiteko aukera jorratu zuen. Hartara, inolako berme ofizialik gabe ere, bere ikasleek azterketa euskaraz egin zuten. Errektoretzak ez zuen oztopatu proben zuzenketa. Atzo, berriro ere, zientzietako proba euskaraz idatzi zuten Seaskako ikasleek. Aho batez hartu zuten erabakia, eta azterketaren atarian guraso eta irakasleen sostengua jaso zuten. “Brebeta euskaraz” leloa idatzia zuten tixerta urdinak soinean, «zientziak ere euskaraz» oihukatuz batzuetan, eta danborradaren soinupean Seaskak duen irakasleen faltari buruz abestuz besteetan, protesta egin zuten, esaterako, Ziburun Seaskak duen kolegioan. Piarres Larzabalen 60 bat ikaslek egin dute aurten brebeta. Horien artean, banderola atxikiz, Aitzol zegoen. Gazteak GARAri azaldu zionez, «erabaki behar genuen edo jokoan jarri gure zientzietako azterketa edo jokoan jarri herri honek euskaraz ikasteko daukan eskubidea eta hautua denon artean hartu ondoren, azterketa euskaraz egiteko urratsa egin dugu».