GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Abiadurak


Bizkaia eta Gipuzkoa zeharkatzen dituen A-8ren erabiltzaile andanaren kexuak eta eskaerak ezagunak izan dira urteetan. Bada, orain horren modan jarri den hitza maileguan hartuz, A-63ko afektatuen komunitatea ere izan bada. Ni horren parte naiz. Lapurdi zeharkatzen duen autopista, izugarri garestia ez ezik (Biriatutik Baionara 30 km = 4,10 euro), azken zortzi urteetan –bereziki, azken lauetan– izugarri arriskutsua ere izan da. Izan ere, hirugarren erreia eraikitzen aritu dira bi fasetan (azkena Biriatu eta Biarritzen artekoa) eta denbora horretan zirkulazioa ez da apenas eten. Ez dizuet esango zein ausartak (edo burugabeak?) izan garen erabiltzaileok lanek iraun duten bitartean, batik bat euripean edo ilunpean gidatzean. Halakoetan, ez nintzen menturatzen auto bat –are gutxiago horren ugari diren kamioiak– aurreratzera.

Baina, tira, behingoz lanak bukatu ziren… urte hasieran! Geroztik, bost hilabetetan ditxosozko hirugarren errei hori ikusgai izan dugu. Ikusgai, bai. Ze oraintsu pare bat astera arte itxia zegoen. Hainbeste urtetan zerbitzu kaskar eta arriskutsu horregatik ordainsari osoa ordaintzen aritu eta gero, bost hilabete gehiago itxaron izan behar da behingoz galtzada berria zapaltzeko. Autopistako kontrata duen Vinci enpresak esan duenez, Estatuko zerbitzuen azken oniritzi eta baimenen zain egon dira; prozedura normala omen da. Normala??!!

Orain abiadura muga 130 km-ra igotzea eskatu diote prefetari. Ez da abiadura handi zalea naizenik, baina prozedura administratiboek hartzen duten denbora ikusita, igual beste bost hilabete beharko dute erabakia hartzeko. Abiaduraz ari naizela, Europatik datozen gogoetek ez diote hainbatek Lapurdirako amesten duten AHTren eraikuntzari abiadura azkarrik iragartzen. Agintari eta eragile gehienek proiektua baztertu dute, antza. Aldiz, Bidasoaz bestaldean agintean daudenek, nahiz eta Europarekin lotura gauzatzeko inoiz baino aukera gutxiago egon, temati segitzen dute abiadura handian lurraldea suntsitzeko politikekin.