02 JUIL. 2018 HIMALAIA Hirukote britainiar batek Janhukot-en lehena egin du Indiako Himalaian dagoen seimilako horren protagonistak Malcolm Bass, Paul Figg eta Guy Buckingham izan dira. Igo gabe zegoen mendiaren tontorra lortzeko lau egunez eskalatu behar izan zuten. Alpinistok hego-mendebaldeko zutoin teknikotik igo ziren. Andoni ARABAOLAZA Gangroti glaziarraren amaieran, Indiako Himalaian, Janhukot mendia dago. Seimilako bat da; hain zuzen ere, 6.805 metroko garaiera du. Bada, joan den ekainaren 6ra arte igo gabe zegoen. Sari hori lortu dutenak hiru alpinista britainiar dira: Malcolm Bass, Paul Figg eta Guy Buckingham. Lasai asko esan dezakegu seimilako hori Bass eta Figg-en helburua zela; izan ere, lehenak hiru saio eta bigarrenak bi behar izan ditu lehen igoera hori biribildu ahal izateko. Azkenean lortu dute, eta horretarako lau eguneko lan eskerga egin behar izan zuten. Hirukoteak Janhukoten hego-mendebaldeko zutoina aukeratu zuen. Zutoin teknikoa, alegia. Eta amaiera hego ertzetik egin zuten. Denera, 3.000 metro berri gainditu zituzten; horietako 1.700 oso tenteak ziren. Zailtasunei dagokienez, britainiarrek diote ED1 edo IV gradua Eskoziako eskalan. Jaitsiera ekialdeko ertzetik hasi eta glaziarraren ekialdean dagoen korridore batekin lotu zuten. Harrigarria dena da seimilako horren atzetik makina bat talde izan dela. Lehen saioak 1980ko hamarkadakoak dira. Austriarrak, Zeelanda Berrikoak, estatubatuarrak, britainiarrak... Janhukot mendiak kolore guztietako espedizioak jaso ditu. Lau bibak Girora egokitu ondoren, alpinista britainiarrak martxan jarri ziren: «Eskalatu behar genuen zutoinera heltzeko ibilbidea ez da batere erosoa. Oinarrizko kanpalekutik bidearen sarrerara 18 kilometro daude, eta tarte hori egiteko bi egun behar izan genituen. Lehen eskalada egunean, nahiko urduri jardun genuen, baina lehen bibakera heldutakoan pozik geunden eginiko lanarekin. Eskoziako eskaladan II eta III graduko aldatsak gainditu genituen». Biharamunean ohartu ziren 800 metroko sekzio garrantzitsu bat igo zutela: «Bigarren egunean hankak leher eginda genituen; besteak beste, izotz gogorrean eskalatu genuelako. Horren erakusgarri da soilik 300 metroko desnibela egin genuela. Gaua erlaitz txiki eta oso deseroso batean igaro genuen». Berez, tontorrera hirugarren eskalada egunean heltzea aurreikusia zuten. Baina, aipaturiko erritmoa ikusita, agerikoa zen ez zutela lortuko: «Zutoin horrek makina bat luze eskatu zizkigun. 6.300 metrora geundela, ekaitzak bisita egin zigun. Zorionez, dorre baten azpian aterpe bat aurkitu eta bibaka egin genuen». Laugarren eta azken eskalada egunean, eguraldiarekin ezustea izan zuten: «Ezohikoa bada ere, garaiera horretan botatzen ari zen elurra hezea zen. Eta bat-batean euri bihurtu zen. Es koziako baldintzak ondo menderatzen ditugunez, aurrera jarraitzea erabaki genuen. Duela lau urteko saioarekin alderatuta, azken honetan aldaketa bat egin genuen. Ondo atera zen; izan ere, ia arazorik gabe heldu ginen ertzera. Gailurra 400 metrora zegoen, baina egin beharreko ibilbidea oso arriskutsua zen: erlaitzak, amildegia, aseguratzeko leku egokirik ez... Zorionez, gailurretik gertu elurraren zein izotzaren baldintzak hobeak ziren. Arratsaldeko bostetan hirurok elkartu eta tontorrean elkar besarkatu genuen. Malcolmek eta Paulek, bederen, lasaitu ederra hartu zuten! Aurreko saioek saria jaso zuten. Denbora galdu gabe, azken bibakera (6.500 m) jaitsi ginen. Biharamunean, kanpaleku nagusira onik heldu ginen».