GARA Euskal Herriko egunkaria

LHra zabalduko ditu Kutxabankek finantzei buruzko formazio saioak


EAEko Lanbide Heziketako 69 ikastetxek eskura izango dute datorren ikasturtean Kutxabanken ekimenez sortutako “Finantzak bizitzeko” formazio programa. Deialdia irekita dago orain arte DBHko ikastetxe publiko eta itunpekoetarako izan den prestakuntza eskaintzan.

“Finantzak bizitzeko” ekimenak ikasle gazteek finantza arloko oinarrizko kontzeptuak uler ditzatela du helburu, helduarorako igarobidean ezinbestekoak izango zaizkien zenbait gaitasun eta ezagutza har ditzaten.

Hala, amaitu berri den ikasturtean zehar, prestakuntza teknikoan adituak diren zenbait zentrok hainbat proba pilotu egin dituzte, proiektu pedagogiko horrek euren heziketa-zikloetan duen egokitasun-maila balioesteko.

«Esperientziak balioespen oso onak izan ditu LHko irakasle nahiz ikasleen aldetik; hortaz, heziketa-programaren arduradunek 2018-2019 ikasturterako eskaintza hori ere sartzea erabaki dute», azaldu zuen Kutxabankek.

Hirugarren ekitaldia

Prestakuntza egitasmo honek bere hirugarren edizioa itxi du eta azken ikasturte honetan EAEko DBH mailako 58 ikastetxe publiko eta itunpekoetako 104 ikasgelatara iritsi da; 2.054 ikaslek hartu dute parte. Hizkuntzari dagokionez, formakuntza elebiduna dela eta zentroen %62k euskarazko saioak jaso dituztela zehaztu zuten.

Ebaluazio-inkestek islatzen dutenez, «gogobetetze-maila bikaina erakutsi» du zikloak eta parte hartu duten ikastetxeen %100ek errepikatuko lukete esperientzia, jakitera eman zutenez.