GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Gaurko bozketa Europar Batasunean


Gaur goizean bozketa garrantzitsu bat izango da Europar Batasunean: egile-eskubideen (copyright-aren) gaineko direktiba berri baten proposamena bozkatuko da (https://labur.eus/c32dG). Direktibaren lehen zatian agertzen den moduan, arrazoien azalpenean, egia da teknologia digitalek dena aldatu dutela. Eraldatu egin dutela obrak eta beste sorkuntza-lan babestu batzuk sortzeko, banatzeko eta ustiatzeko modua. Hala da. Erabilera berriak ere sortu dira. Eta bitartekari berriak. Eta negozio-ereduak ere bai. Eta hortaz, copyright-aren legea eguneratzea behar bat da (2001ekoa da copyright-aren gaineko azken direktiba, pentsa). Horretan, ziur aski, denok ados gaude. Eguneraketa hori nora eta nori begirakoa den, horretan datza sakoneko eztabaida.

Direktiba berriaren proposamenaren sustatzaileek diotenez, ingurune digitalera egokitzeko urrats handi bat da. Proposamenaren aurka daudenek, «esteken zerga» eta «zentsura makina» deitu diote. Eta Interneten irekitasuna oztopatzera datorrela. Eta hala uste dut nik ere.

Copyright-aren direktiba eguneratzeak ez luke Interneten erabiltzaileen parte-hartzea oztopatu behar. Alderantziz: Europar Batasunak informazioaren eta jakintzaren jendartea sustatzeko ardura du. Eta hori irekitasunetik soilik lor daiteke. Ildo beretik, Europar Batasunak Interneteko proiektu komunitarioak ere babestu egin beharko lituzke. Baina direktiba berria ez dago Wikipedia bezalako proiektuei begira, gisako proiektuen existentzia bera, arriskuan jarriko bailuke. Eta horregatik online entziklopediak salbuespen gisa tratatzea ere eskatu da. Direktibaren 11. eta 13. artikuluak dira polemikoenak.

Gaurkoa bigarren bozketa da. Eta gaur aurrera egiteak ez du zuzenean indarrean sartzen, baina urtea bukatu baino lehen azken emaitza ezagutuko dugu. Direktibaren testuaren egungo bertsioa indarrean sartzen bada, lege-borroka garrantzitsu bat galduko du Internetek (eta erabiltzaileok).