23 JUIL. 2018 ZIRIKAZAN Transzendentea Josebe EGIA Izango da beti gutxiagotuenak babesteko joera hau, edo izango da, beste barik, arrazoizkoa eta bidezkoa dela, baina nik neuk berebiziko garrantzia ematen diot hizkuntzari, pertsonon artean komunikatzeko era horri, eta berarekin zerikusia duen guztiari, besteak beste matxismoa darion eta jariarazten dioten alderdiari. Emakumeon hainbat eta hainbat borrokaren baitan, egiatan denak badira ere bakar baten atalak, hizkuntza sexistarena da jendartean entzungor gehien eragiten dituena, barregarri uzteko intelektual eta sasi-intelektual ugariren ahalegin benetan titanikoak eragiten dituena, transzendentea ez delakoan, baditugulakoan zer askoz ere inportanteagoak konpontzeko, eta, noski, feminista muturreko eta histerikook arriskuan jartzen dugulakoan hizkuntza bera, bere tradizioa eta berezko nolakotasuna. Hori guztia gaztelaniari dagokionez, bereziki, Espainiako Estatuan. Gustura esango nuke, egia balitz, bost axola zaidala espainolek beren hizkuntzaren gainean zer erabakitzen duten, borroka egiten duten ala ez maskulino generikoaren ordez, adibidez, bestelako formulak topatzeko, edo sortzeko, emakumeak beren hizkuntzarekin bat eginda senti daitezen, beti bigarren mailako eta beti gizonaren osteko edo mendeko herritar senti ez daitezen, nagusiki. Gustura esango nuke, gaztelania hemen anekdotikoa balitz, guk gurean nahikoa lan dugula euskararen normalizazioa gauzatzen, horretarako aldekotasunak, konpromisoak, benetako akordioak eta baliabideak biderkatzen, eta, zergatik ez, bide batez –batak ez baitu bestea baztertzen– egin egiten den erabilera sexista erauzten, eguneroko transmisio-lanean (hori bai titanikoa leku askotan oraindik ere, tamalez). Hots, lasai asko geratuko nintzateke ikusten hango eta hemengo espainolek nola eztabaidatzen eta erabakitzen duten beren hizkuntzaz, auzia neure egin barik. Halaxe egingo nuke, ez balitz hizkuntzak maite eta hiztunak erabat errespetatzen ditudalako, eta ohartzen naizelako haien guruek mespretxatzen dutena, hizkuntza ez ezik, hiztunen zati handi bat ere badela: emakumeak, hain zuzen, eta beren eskubideak, linguistikoez harago. Ez balitz feminista konbentzitua naizelako, zorionez, eta mundu osoko emakumeen borrokak neureak direlako, bestelakorik itxurakeria hutsa litzateke eta, bai geure aldetik bai ustezko gizon feministen aldetik. Señoras y señores, pertsonok denok berdintasunean barne hartuta komunikatu ahal izatea, inor baztertuta edota irainduta sentitu barik, ez baldin bada transzendentea, zer da?