GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Lehengo batean


Jada mende erdia bete dugunok Txabi Etxebarrietaren heriotzaren berri Telesforo Monzonek idatzi eta Imanol kantariaren ahots sakonaren bidez ezagutu genuen. «Lehengo batean/ kalearen erdian/ Benta-Haundi erdian/ Xabier anaia hil zuten». Apurka, liburu eta testigantza ezberdinen bitartez intelektual eta ikasle onaren itxura zeukan betaurrekodun haren barruan sakontzen joango ginen, Oteizak esan bezala, «gure azken erresistentziako lehen eroritakoa» izan zela jabetu ginen arte.

Militante politikoaren balioa aski ezaguna da geroztik, 23 urterekin bere bizia eman zuen lider sinpatiko eta gizatiarra zen. ETAren V. biltzarra zuzendu eta «euskal langileria» bezalako kontzeptuak txertatu zizkion nazio askapen borrokari. Ekonomia ikasketak bikain batez gainditu zituen ikasle izatetik bizia emateraino engaiatu zen aurpegi txintxodun Txabik berak aurresentitzen zuen egoeraren gordina. «Inorentzat ez da sekretua, 1968. urte honetatik nekez aterako gara hildakorik gabe». ETAren aurkako borroka beroa hasia zela aitortu zuen orduko Bilboko poliziaburuak. Ekintza-errepresioa-ekintzaren espiral urteak ziren. Pardines guardia zibila hil ondoren harrapatu, lurrera bota eta bi tiro eman zizkioten bularrean, bertan akabatuz.

Wikipedian terrorista gisa agertzen den 23 urteko betaurrekoduna ordea, bere gaztetasun betean, bere barne isiltasunean ontzen zituen poema fin eta sakonen egilea zen, besteak beste “Bizitzaren harrabotsa” eta “Amiantoaren ahotsak eta baretasuna” poema liburuetan agertzen den bezala. Ez garai hartako poesia soziala idazteko, ezpada poesia existentziala eta amodiozkoa idazteko. «Nire bizitza begiratzen dut, nire denboraren esperoan nago, izotzezko gau hotzetan, horregatik lehertzen naiz» .

Hasiera baino ez zen, «gure herria zapaltzen duten beste jende hoiek/ bihar ere/ berriro ere/ beste bat hilko dute» baitio kantuak.

Mende erdi bat Txabiren memoriari kantu bat idatzi ziotela.