GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Opor garaia


Urte osoan uztaila edota abuztua heltzeko zain gaude, izan edozein eratako langile edota ikasle, baita langabezian dauden eta lan bila nazka-nazka eginda atsedena hartzeko parada behar dutela beren buruari esandakoak ere. Zeresanik ez, erretiro duinaren alde etengabeko erreibindikazioan dabiltzanak. Denok egin dugu oporrak hartzeko merezimendua.

Ahalmenak markatuko digu bakoitzari opor horien nolakotasuna, sosen loturaz luze edo labur izatea, edota derrigorrez urrunerako lurraldeetara abiatzera beharturik etxekoekin, lagunekin, maite dutenekin egon ahal izateko. «Opor bereziak» noski.

Ez natorkizu irakurle maite, ilusioa zapuztera, ezta bidaia mingostu edo ozpintzera ere. Ez! Gogoraraztera soil-soilik, gurekin batera hainbat familia aterako direla oporrak beren etxeko maiteetan maiteenak direnekin ahal den egoera onenean «pasatzera». Batzuei urrutira joatea «tokatuko» zaie, atzerrian edota deportazioan dagoelako maite hori, urtea joan eta urtea etorri bai, baina bere etxera, Euskal Herrira, etortzerik ez duena, beraz, harekin ahal duten hoberen beren oporrak igarotzera. Maitearen itzulera azkarra ez bada, hurrengo bidaia bi edo hiru urtera, eta batek daki zer gertatuko zaion hangoari... edota hemengoei, etxekoei...

Beste batzuei berriz, kristal arteko oporrak «tokatuko» zaizkie, urruti ere, Espainiako edota Frantziako azken muturretako kartzeletan gehienei. Halere, arazo guztien gainetik irribarrea nagusi, derrigortuak daude bai kartzelan zein kanpotik datorkiona ahal den samurren arazo, nahigabe, samin biziak arindu eta elkar maite direla esan, eskuekin musua bidali kristal artetik pasatzeko gai balitz bezala, eta... «bi aste igaroko ditut hemen ezagun batzuen etxean, ez al duzu denbora honetan ordu laurden bada ere egunero bisita izaterik?».

Denborak zein garrantzi handia duen bizi garen guztiontzat! Nolakoa ote den aipatutako emakume eta gizonentzat, gazte edota ez hain gazte... jarri al gara inoiz pentsatzen?

Nolaz igarotzen duten egun bat etorri eta bestea ere, astea joan eta urtea etorri, behin eta berriz toki bera ikusten goizetik gauera, begiek topo egiten dutenean hormekin, so motza toki estuan! gauza berak eginaz egunean zehar... jakinik zerua argitu aurretik nolaz joango den datorren eguna...

Eta, atzerrian berriz, lur eremu jakin bat edota itsasoa muga gaindiezina sortzen denean, beti ortzimugara so eginaz, naufragoa, galdua... sentitzen denean, bakardade itzelean, han urrutian noiz agertuko ote den etxera eramango duen itsasontzia, hegazkina, esku luze bat bereganatzen esango diona: bagoaz!

Euskal Herria, etxekoak, lagunak, bere herriko biztanleak modako pasarela batean bezala begien aurrean igarotzen diren itzalen antzera beti joanean, joaten... Begirada luze eta tristea...

Leninek «Zer egin?» galdera pausatzean, ez dut uste preso eta errefuxiatuez ezer esan zuenik, nire jakintasun txikian behinik behin, edo esan bazuen, ez dut nireganatu. Baina, ondo dakit zer esango luketen barruan zein kanpoan ditugun burkide, lagun, senide edota ezezagunek norbaitek idatziko balie 2018ko opor hauetan: Aupa! Ez dakit nor den baina nitaz gogoratu da. Badaki non nagoen eta bizi naizela. Irabazten ari gara!

Jasotakoari emango dion hitzak harrera gisa, batzuk edo besteak izan, ilusioaren ispilu izango direla ziur naiz. Munduko edozein muturretako postaltxoa, argazkia, hitz xume batzuk, urrearen balioa hartzen dute bizi diren egoeran. Hau ulertzea zaila zaigu eroso bizi garenontzat, ez baikara konturatzen zigor jasanezinaren aurrean, maitasunaren adierazpen ñimiño batek zein indar duen! Maitasunak soilik apur ditzake muga beldurgarri horiek.

Horretan saiatuko gara ere, abuztuaren 5ean Euskal Herriko hondartzetan egingo dugun giza-katean.