GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Besta ederra izan dadin


Aurtengoak ere joan dira. Aurten ere izan dira eraso eta bortxakeria sexisten salaketak (lau, omen). Baionako bestez ari naiz. Bilana egiterakoan, agintari eta arduradun publikoek oro har aski ondo joan direla adierazi dute. Halere, salaketa horiei aipu egitea ez dute saihestu, duela ez urte asko gertatzen zen moduan, alegia.

Izan ere, inork gutxi izaten zuen horren berri. Kazetariok, mingainetik tiraka ere, erdizkako informazioa besterik ez genuen lortzen. Anne Kayanakis fiskala izan zen ofizialki informatzen hasi zen lehena. Samuel Vuelta Simon oraingo fiskalak bost urte daramatza karguan eta, nahiko era lausoan bada ere, informazio minimoa ematen du. Azken bost urte horietan hamar salaketa izan omen dira.

Egia esateko, ez dut kontua eraman, aipatutako opakutasunagatik oso zaila baita jakitea salaketek egiten duten bidea, hots, bururaino iritsi diren, errudunak atxilotuak izan diren, epaiketarik izan den... Bat nator Zutik Eraso Sexisten Aurkako Kolektiboak, Paf eta Planning familial talde feministek eta Aitzina gazte erakundeak egin duten balorazioarekin: ez dira gertatuko guztiak jakiten.

Alta, izan erakundeetatik edota herri elkarte eta taldeetatik, aspalditik ari dira informazioa, prebentzioa, sostengua eta pedagogia egiten gizarte arazo honi buruz. Pixkanaka (egiaz oso pixkanaka izandako erasoak salatzeko kontzentraziotan biltzen den jendea ikusita) gaia txertatzen doa herritarren buruetan. Lapurdiko hiriburua izan zen Euskal Herriko lehen hiriburua eraso sexistei aurre egiteko protokolo bateratu bat abian jarri zuena; bestan parte hartzen duten ohiko eragileek (tabernariak, peñak, kuadrillak, elkarteak…) eta erakundeek (udala, fiskaltza…) adostu zuten. Baina erantzun soziala urria da oraindik. Talde feministetatik exijitzen den bezala, neurri gehiago eta ahalegin handiagoa ezinbestekoak dira. “Besta ederragoa izan dadin” leloan oinarritu zen ekimena. Beharbada mezu hori ere eguneratu beharko da, “ederragoa” baino, festak, berez, ederra behar baitu izan… denentzat.