GARA
DONOSTIA

Astebeteren buruan bost langile hil dira lan istripuetan Euskal Herrian

Igande gauean jazo zen asteko azken ezbeharra Hondarribiko kaian. 49 urteko langilea zendu zen, arraina porturatzen ari zela 4 metro baino gehiagoko altueratik ontzi baten gainaldera erori ostean. Larunbat arratsaldean, Vianan eta Betelun beste bi behargin hil ziren.

Igande gauean, 23.30 aldera, Hondarribiko kaian langile bat zendu zen itsasontzi batek arrantzatutako arraina porturatzen zebilela. Irrist egin eta lau metro baino gehiagoko garaieratik ontzi baten gainaldera jausi zen.

Antxon Emazabal 49 urteko langile hondarribiarrak Elduayen Eizaguirre Eugenio y Otros CB enpresarentzat egiten zuen lan eta CCOO sindikatuak istripuaren nondik norakoak ikertzeko exijitu zion Osalani, «arrantzaren sektorea lan baldintza arriskutsuengatik nabarmentzen baita».

Gipuzkoako Batzar Nagusiek erakunde adierazpena helarazi zuten, eta bertan azpimarratu zuten lan istripuak «nola edo hala, edozeren gainetik» ekidin behar direla: «Lan mota guztietan lehentasuna behar du izan segurtasunak».

Ildo horretan, enpresetako partaide guztiei, nagusiei eta langileei, dei egiten diete laneko segurtasun eta osasunari buruzko araudia zorrotz bete dezatela.

Honenbestez, astea bost langileren heriotzarekin bukatu zen. Larunbatean bi langile hil ziren Nafarroan, bata Vianako paper fabrika batean eta bestea Betelun, traktore batek harrapatuta. Astearen hasieran bi garraiolarik galdu zuten bizia.

Azken 20 egunetan, berriz, Hego Euskal Herrian 8 behargin hil direla azpimarratu zuen LABek. Urtea hasi zenetik, 35 dira hildako langileak sindikatu abertzalearen zenbaketaren arabera; hau da, batez beste, astean 1,06 langile zendu dira.

LABen esanetan, azken egunotako lan istripu hilgarrien gorakada «ez da kasualitatea, sakoneko arrazoiak daude». Bere iritziz, udan betiko arrazoiez gain, presa eta presioaren faktoreak daude. «Lan baldintzak oso gogorrak dira, lanordu luzeak eta ia deskantsurik gabeko jardunaldiak, eta arrazoi hauek aurkitzen dira istripu hauen iturburuan», arrazoitu zuen. Horregatik, arrantza sektorea behar bezala erregulatzea exijitu zuen.

Oraindik mobilizaziorik deitu ez duten arren, Gipuzkoako Batzar Nagusiek aurreratu zuten heriotza istripua salatzeko eta familiari elkartasuna eta babesa adierazteko ekimen guztietara atxikitzen direla.

Mobilizazioak

Bestalde, atzo mobilizazio eguna izan zen. Batetik, CCOOk deituta, Nilsa enpresa publikoaren Iruñeko egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin zuten. Uztailaren 27an Corellan 35 eta 54 urteko bi langile zendu ziren hondakin urak garbitzeko araztegiko putzu batera erorita.

Lan istripuak ekiditeko neurriak hartzea eskatu zuen sindikatuak eta prebentzioan inbertsio gehiago egitea eskatu diete enpresei eta Nafarroako eta estatu espainoleko gobernuei.

Bestalde, Bermeoko Salica kontserba fabrikako enpresa batzordeak deituta, ekainaren 20an zauritutako langilearengatik mobilizatu ziren atzo eguerdian bi orduz Bermeoko Landabaso industrialdean.

Konpainiako langileak hatz erakuslea ebaki zuen eta hatz luzean urradura egin zuen. Batzordearen ustetan istripuaren arrazoia «segurtasunaren alorrean eginiko aldaketen inguruan izandako informazio falta izan zen».