GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Egokitze aldia


Astelehenetan astelehen izan zen atzokoa, egutegian handi-handi idatzita eta gorri-gorri margotuta agertzen den horietakoa. Niri ahaztu zaizkit ikasturte hasierako egun aldrebes horiek, baina atzo nagiak atera ezinik eskolara bidean ikusi nituen haur eta gaztetxoek berritu zizkidaten hor nonbait gordeak zeuden eta urdailarekin bakarrik oroitu daitezkeen sentsazio horiek. Sekulako ajea eta urduritasuna, biak barrunbean lekua hartu ezinik borrokan barruan. Seguru atzokoan haur askok sentituko zutela pareko zerbait.

Irratian, berriz, euren haurrak eskutik askatutako gurasoak entzun nituen hizketan. Enplegua eta zaintza, biak uztartzeko zituzten zailtasunez mintzo ziren azken batean, baina «bakea» edota «lasaitua» bezalako hitzak zerabiltzaten. Seguru asko, udan apenas oporrik izan duten eta atzotik eskola atari askotan pilatuko diren aitona-amonei ere katramilatuko zaiela eskola hasiera.

Udan haurrak nork zainduko sortzen den ardurak eta iraileko gorabeherek eta malabarrek zer pentsa eman beharko ligukete eta kontziliazioaz hainbeste hitz egiten den honetan, agintariei neurriak eskatzen hasi beharko genuke. Etsitasunagatik agian, gehiago dira haur eskoletan edo eskoletan dauden egokitze aldien inguruan entzun ditudan kexuak, edota emakumeok lan merkatuan ematen ditugun orduen inguruan hausnartzera atrebitu den “sasijakintsurik”, bai «gehitxo» ama garenontzat.

Entzun ditut halakoak eta lehen eskola eguneko korapiloak bezala berritu zaizkit ahaztuak beharko luketen ideiak. Horietara ezin gara egin, ezin gara egokitu.