20 SEPT. 2018 sokatira Goiherrik eta Gaztedik lortu dituzte lehen dominak Munduko Txapelketan GARA Lur Gaineko Munduko Sokatira Txapelketa atzo hasi zen Hegoafrikako Lurmutur Hirian, eta euskal ordezkariek aurreneko bi dominak irabazi zituzten gizonezkoen 560 kiloko proban. Erandioko Goiherrik zilarrezko domina lortu zuen eta Laukizko Gaztedik, brontzezkoa. Lehen fasean argi erakutsi zuten bi taldeek domina irabazteko faboritoen artean zeudela. Gaztedik lehen postuan amaitu zuen bere multzoa, 19 punturekin, eta Goiherri bigarren izan zen 16rekin, Goldscheuer talde alemaniarraren atzetik. Hain zuzen ere talde horrek irabazi zuen urrezko domina, finalerdietan Gaztediri eta finalean Goiherriri nagusituz. Biek, ordea, mendean hartu zuten Simonswald, alemaniarrak hauek ere, dominak ziurtatuz. 580 kiloko maila mistoan ere oso gertu izan zuen domina Gaztedik, baina azkenean laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen, kanporaketetan Kilroe Ladies eta Elbergen taldeen aurka galduta –emakumezkoen 500 kilokoan Goiherri eta Gaztedi finalerdietatik kanpo geratu ziren–. Gaurko jardunaldian beste bi mailatan hartuko dute parte euskal taldeek, gizonezkoen 640 kilokoan eta emakumezkoen 540koan. Selekzioen arteko lehia bihar hasiko da.