Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Lurraren berotze efektuei aurre egiteko «Alternatiba» berria Baionan

Klima aldaketari buruzko gobernuarteko aditu taldeak «1,5 °C txostena» aurkeztuko duen egun berean amaituko da Alternatiba itzulia. Baionako karriketatik emango diote lehen erantzuna milaka lagunek.

Ekainaren 9an Paristik abiatu zen Alternatiba itzulia Baionan amaituko da urriaren 6an, baina irekitzear den aro berri batek ekarriko dituen erronkei aurre egiteko egitarau mardul batek hartuko du lekukoa. Hortaz, ekimen baten amaiera baino, iniziatiba berri baten hasiera izango da.

Maule, Ainhize-Monjolose, Ezpeleta, Bera eta Donostian ere izango dira Alternatiba bizikleta martxak, baina itzuli nagusia urriaren 6an Biarritzetik abiatu eta Baionan amaituko dena izango da, «Alternatiba 2018: Esperantzaren eta ekintzaren garaia» topaguneari hasiera emango baitio.

Baionatik Hego Koreara

Valerie Masson-Delmotte IPCC-GIEG talde zientifikoko lehendakariordeak, Baionan ezarriko duten pantaila erraldoi baten bidez, Hego Koreatik zuzenean aurkeztuko du klima aldaketari buruzko gobernuarteko adituen «1,5°C txostena». Horren ostean, 200 pertsona ezagunek aurkeztutako ondorioen lehen balorazioa egingo dute.

Vandana Shiva fisikari eta ekofeminista indiarra eta Edgar Morin soziologo eta filosofo frantsesa izango dira internet bidez parte hartuko duten beste bi pertsona esanguratsu.

Horrela, bi egunez 50 hitzaldi, 300 erakusmahai, mota guztietako ikuskizun eta animazioak zein kontzertuak izango dira, eta ekimena arrakastaz gauzatzeko behar dituzten 1.000 laguntzaileetatik jada 650 kide lortu dituzte.

Duela 5 urte bilakatu zuten Baiona «Alternatiba herria» lehen aldiz, eta ordutik, 150 Alternatiba ekimen egin dira Estatu frantsesean. Baionan amaituko den Alternatiba itzulian, berriz, 50.000 pertsonak parte hartu du 200 etapatan; horregatik, antolatzaileen iritziz, «jende asko suspertzen hasi da».