GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Paradoxa, ezin ezkutatu eta ikusezina izan


Ikusezina izatea dohain bat izan daiteke edo kondena latza, ikusia eta entzuna izan nahi duenarentzat bereziki. Pentsatzen dut Maguettek ere askotan amestu zuela ikusezin bihurtzearekin, akabatu duenak ez ikusteko moduan behintzat. Horrela, sikiera, kolperen bat eman gabe utziko zion. Min bat gutxiago, arima txikituta zuen gorputzarentzat. Paradoxa ankerra, ezin ezkutatu bizitza kenduko dizunaren aurrean eta ikusezina izan gainontzeko guztientzat.

Ikusezina izan da sehaska kulunkatu duen eskua, lapikoari eragin diona, ipurdiak garbitu dituena, galtzetako zuloak josi, minak gozatu, magala eskaini...

Ikusezina izan da erabaki garrantzitsuen akta idazteko makinan jaso duen idazkari isila. Emakume ikertzaile horrek egindako aurkikuntzak ez dizkigute kontatu. Ikusezina izan da bizitza osoa bere farmazian lanean aritu den emakumea, denek senarraren farmazia zela uste izan arren. Ikusezina izan da ospitaleko aulkian puntua egiten duena. Bizitza osoa eliteko kirolean eman duena ere ez dugu oso garden ikusten, ez dauka parean dituen gizonezko kirolarien brillorik.

Herritarren erdiak ikusezin bihurtzen dituen jendarte honek ezin du ondo funtzionatu. Florentina, Maria Jose, Roxane, Rejane, Sophia, Natalia eta Maguette ez genituen ikusi, harik eta haien izenak goiburuetan eta pankartetan agertu ziren arte. Beranduegi, ikusiak izaten hasteko. Minutuko isiluneetan mina sentitu beharko genuke belarrietan, haien builak buruan iltzatuta sentitu. Ez genuke ohitu behar, asko dago oraindik egiteko. Nekeza da, baina merezi du.