GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Lege berri baterako oinarriak eraiki ditzagun


Nafarroan 2015ean izandako aldaketa politikoak itxaropen handiak sorrarazi zituen euskaldunongan. Urteetako, hamarkadetako, tuneletik atera eta argi-izpiek etorkizun berria argiztatu beharra ikusten genuen. Alegia, aurreko Gobernuak garatutako hizkuntza-politika ankerrari buelta eman eta beste jite bat hartuko zuela aurreikusten genuen.

Halere, bada gure eskubideen kontra egiten duen eta azken hamarkadotan mahai gainean behin eta berriro jarri izan dugun elementu urratzailerik: 1986ko Euskararen Legea. Izan ere, lege horren ondorioz, nafarrei bizi diren herriaren arabera aitortzen zaizkie oinarrizko eskubide diren hizkuntza-eskubideak, eta, beraz, nafarren arteko bereizkeria legez aitortzea ahalbidetu zuen aipatu araudiak.

2017ko urrian, Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartu zuen Batzorde Berezi bat eratzeko, eta agindua eman zion batzorde horri Euskararen Foru Lege berri bat prestatzeko hiru printzipio nagusiren arabera: nafarren hizkuntza-eskubideen bermea, hizkuntza-zonifikazioa eta euskararen ofizialtasuna Nafarroa osoan.

Hasi zen, bai, lanean, aipatu batzordea eta hainbat aditu zein aritu ari dira iritziak agertzen ia astero. Eta, egia da, bai, herritarren arteko berdintasuna bermatuko duen corpus juridikoaren beharra nagusitzen ari dela orain arte izan diren agerraldietan.

Gauzak horrela, eztabaida horren guztiaren erdian UEUren eskutik lege berriari buruzko jardunaldia antolatzea egokitzat jo genuen. Eta, hartara, irailaren 29an eztabaidarako plaza eskainiko du UEUk Iruñean.

Horrela, lehenik ikuspegi historikoari erreparatu eta 1973ko Foru Berritik 2017ko Legearen aldaketarako ibilbidea egingo dugu. Bigarrenik, euskararen garapenerako marko juridiko baten beharra izango dugu hizpide eta, hirugarrenik, hizkuntza-eskubideen zonifikazioak egoera soziolinguistikoari nola eragin dion aztertu ahal izango dugu.

Hiru elementu horiek jorratuta, nolabaiteko zonifikazioa pairatzen duen beste hizkuntza-komunitate bateko ordezkaria izango dugu gure artean, eta Valentzian zonifikazioak azken hogeita hamabost urteetan zer- nola eragin duen azalduko digu.

Halere, gogoan izan behar dugu, marko teorikoaz haratago, herritarrak jarri behar ditugula erdigunean. Izan ere, orain arteko araudiak herritarrengan izan du eragina, alegia, herritarrak diskriminatu ditu, herritarrei jarri dizkie oztopoak. Horren guztiaren inguruan mahai ingurua izango dugu eragile sindikalekin, teknikariekin zein adituekin. Finean, lege berri baterako oinarriek herritarrak izan beharko ditu presente une oro, eta lege berriak zabal ditzakeen aukera berriak ere hizpide izan behar ditugu.

Eta, nola ez, proposamenerako tartea ere izango dugu. 2016ko abenduan, Europan inoizko adostasun sozial handiena duen hizkuntza-politikari buruzko proposamen politikoa aurkeztu zuten Europako 30 hizkuntza gutxituren alde lan egiten duten ehundik gora eragilek: Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa. Hartara, zinez uste dugu lege berri baterako oinarriak dokumentu horren baitan eraiki behar direla.

Iazko urrian Nafarroako Parlamentuak eskaera zehatza egin zuen, hizkuntza-eskubideen zonifikazioa gainditu, euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabaldu eta herritar guztien eskubideak bermatuko dituen lege-proposamena egitea. Zalantzarik gabe, aldaketatik aldaketarako aukera zabaldu dute eta gure aldetik eztabaida mamitsu horri ekarpen propositiboa egin nahi diogu. Orain da, bai, behingoz, herritar guztiak bereizkeriarik gabe hartuko dituen araudia abian jartzeko unea. Eraiki ditzagun, beraz, lege berri baterako oinarriak.