GARA Euskal Herriko egunkaria
Eskalada

Mendekuari bide askea eskaini nahi izan diote

Josema Jarrinek Peña de Sin horman 1994. urtean bakarka zabaldutako «Venganza» bidea (A2+) era askean igo dute Eneko Cesar eta Mikel Saez de Urabainek. Eskalatzaileon aburuz, luze gogorrena 7c+/8a zailtasunekoa da. Arriskuari dagokionez, SR3+ jarri diote.


Josema Jarrin 90eko hamarkadan lehen lerroko eskalatzailea zen; hots, kolektiboko ordezkari gehienen aurretik zegoen. Hori ezagutzen duten askok baieztatzen dute. Eta, oro har, ez dute hanka sartu. Besteak beste, aipatu behar da Peña de Sin horman bide berriak zabaltzen lehenetarikoa izan zela. Ausardia hori izan zuen, eta, gainera, bakarkako estiloan. Pareta horretan utzitako ondareari dagokionez, bi bide azpimarratu behar ditugu: “Casa Buil” eta “Venganza”. Biak ala biak udan zabalduak.

Bada, azken marra horri dagokionez aurreratu behar dugu azken bolada honetan protagonismoa hartu duela berriro. Hain zuzen ere, Eneko Cesar eta Mikel Saez de Urabaini esker. Bi eskalatzaileok Jarrinen “Venganza”-ri (A2+) puntu gorria jarri diote; hots, era askean eskalatu dute. 360 metro eta 11 luze ditu, eta lerrootako protagonistek diote gehienez 7c+/8a graduko luze bat, bosgarrena, askatu zutela. Eta, derrigorrez, 7b zailtasuna gainditu behar da. Oro har, esan daiteke, zailtasunean iraunkorra dela; izan ere, aipaturiko luze gogorrenaz gain, balizko 7c+ bat, pare bat 7b+, 7b bat ... ditu.

Konpromiso edo arriskuaren eskalan jarritako maila RS3+ da. Esan behar dugu ere “Venganza” era askean eskalatu ahal izateko, euskal sokada honek Jarrini baimena eskatu ziola bidea berrekipatzeko. Protagoniston estiloa kontuan izanda, ahalik eta parabolt gutxien jartzen saiatu ziren.

Jarduera hau biribildu ondoren, Saez de Urabainek lehenik eta behin Jarrin goraipatu nahi izan du: «Garai haietan izugarrizko balentria egin zuen; lan itzela, alegia. Tamalez, mendi erronka askoren moduan, kirol ikuspuntutik ia oharkabean igaro zen».

“Venganza” bidea askatzeko erronka duela bi urte sortu zen. Alabaina, eskalatzaileok diotenez, saio hura ezerezean geratu zen: «Josemak erabilitako eskalada teknika ez zetorren bat eskalada askearekin. Buril zuloak egin zituen gakoak jarri ahal izateko, eta era ez natural horretan aurrera egin zuen plaka leunetatik. Lehen ekinaldi horretan hirugarren luzetik jaitsi ginen».

Era askean

Aipaturiko zabaltzeko teknika era librean eskalatzearekin bat ez zetorrenez, aurreratu dugun bezala, sokada honek Jarrini baimena eskatu zion marra era askerako berrekipatzeko. Haien pozerako, baiezko erantzuna jaso zuten.

Jardun hori aurrera eramateko erabilitako estrategiari dagokionez, soka finkoak jarri, eta, gora eta behera ibili ordez, hamaka eramatea erabaki zuten. Beraz, duela bi urte ez bezala, azken saiakera honetan “Venganza”-ri puntu gorria jartzerakoan berau “apaintzen” ere jardun zuten: «Pareta tentea denez, petatearekin arazorik gabe igo daiteke. Lasai gindoazen, eta luze gogorrak eta oso ederrak ateratzen ari ziren. Ilunabarrarekin bosgarren luzera heldu ginen. Bele zulo zikin bat zenez, seigarren luzea eskalatu eta erlaitz batean gaua igaro genuen». “Venganza” era askean igotzeko asmoak bigarren egun bat eskatu zien. Aurretik beste bost luze zituzten, eta aurreko egunean bezala, lanak biderkatu egin zitzaizkien: «Bigarren egunean ere gogor hasi ginen eskalatzen. Zortzigarren luzera iritsi eta aurrez aurre artesi eder bat genuen. Luze oso ona da, eta, zalantzarik gabe, asko eskalatu beharrekoa. Bezperako erritmo bera generaman; luzeak era librean igotzea kosta egin zitzaigun».

Bidea bukatzen ari zirela, azken luzean aldaera bat egin zuten: «Sabai bat du, eta haren erdian zuhaitz batzuek traba egiten dute. Gu ezker aldera dagoen diedro etzan batetik irten ginen; gure ustez, askoz ere erakargarriagoa eta agerikoagoa zen. Pozarren gaude ‘Venganza’ era askean igo dugulako, eta, bide batez, eskalada bide on bat berreskuratu dugulako».