Patxi GAZTELUMENDI
BILBO

Eñaut Elorrieta Kaabestri hari boskotearekin ari da «Harian»

Lau kantu grabatu ostean, Kaabestri String Ensemble hari boskotearekin bira bat egingo du Eñaut Elorrietak urriaren 28tik aurrera. Bilboko Arriaga antzokian hasi eta Euskal Herri osotik aritzea du helburu. Proiektuari «Harian» izena jarri dio, eta, prestatu dituen kantu berriekin batera, bere orain arteko errepertorioaren moldaketekin ere arituko da.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoan ari diren bost musikari dira Kaabestri String Ensemble hari boskoteko kideak, eta Eñaut Elorrieta abeslaria beraiekin jarri zen harremanetan «oraindik ere bukatu gabe dagoen proiektu bati hasiera emateko». «Kultura klasikoa duen boskotea da, baina oso jende irekia, eta gune berriak bilatzeko beti prest», Eñaut Elorrieta musikariaren iritziz. Biolinak, biola, txeloa eta kontrabaxua jotzen duten musikariez gain, kantuen moldaketak egiteko hiru sortzaile ezagunengana jo zuen Ken Zazpi taldeko abeslari ere badenak.

Kantuen moldaketak eta partiturak Fernando Velazquezek egin ditu, eta gonbidatu moduan aritu dira Carlos Monfort eta Juan Carlos Perez ere. Silvia Perez Cruzekin dabilen biolin jolea da Monfort, eta Eñautek aspaldidanik du harremana berarekin; «munduko musikak kutsatzen du bere lana, baina niretzat oso interesgarria da», gaineratu zuen Elorrietak. Juan Carlos Perezekin harremanetan jartzeko motiboa Elorrietak egin duen Itoiz taldearen abesti baten bertsioa da: “As noites da Radio Lisboa”. Kantu hori oso gustukoa du Eñautek, eta Itoiz taldeko abeslari izan zenak egin dizkio hari boskoterako moldaketak. «Juan Carlos Perezek nik bezala badu pop rock tradizioa, eta nik hori bildu nahi nuen. Lan honetan hori jasota dago».

Nahiz eta diskorik ez duten argitaratu, sarean jarri dituzte okasiorako grabatutako lau abesti. Kantuok grabatzeko Senpereko Uhinen Fabrikan jarri ziren lanean, David Chalmin soinu teknikariarekin. Chalmin Lyongoa da sortzez eta Labeque ahizpekin aritu ohi da soinu arduradun eta ekoizle lanetan. Eñaut Elorrieta ere Katia eta Marielle Labequekin ari da aspaldi honetan “Amoria” laneko kontzertuak eskaintzen eta zuzeneko emanaldietan izan zuten elkarren berri.

“Tren luzea”, “As noites da Radio Lisboa” Itoizen bertsioa, Joseba Sarrionandiak idatzi eta lehenago ere Elorrietak kantatuko “Hemen gaude” poema eta Jorge Oteizari hartu eta euskaratutako “Sakonki” dira oraingoan Harian proiektu honetan grabatutako lau kantuak. Zuzenean beste kantu berri batzuekin zein aspaldikoekin batera eskainiko dituzte.

Seiak bat

«Esperientzia berri bat nahi nuen eta horrelako musikariekin ezustean agertzen dira bide berriak», aitortu zuen Elorrietak Harian proiektu honetarako bidelagun izan dituen musikariekin bizitakoak kontatzeko. «Uste dut giro organikoagoa sortu dela hari boskotearekin, hariek eta egurrak sortutako musika da, eta nik kantuak eztarritik barik sabeletik sortu ditudala iruditzen zait», esan zuen musikari bezala bizitakoa kontatuz. Ahotsa egokitu behar izan du musika molde honetara, eta, hala, «zenbait kantu berrikasi» egin behar izan dituela aitortu zuen. Elorrietak uste zuenaren kontra, bost musikarien lanaren gainean «ez dut espaziorik bete behar izan, eta une batzuetan isildu beharra izan dut» gaineratu zuen.

Kaabestri String Ensemble hari boskotearen eta Elorrietaren artean «hari seikotea» osatu dutela esan zuen irribarretsu: «Harizko sei instrumentu izan gara, eta seiok bat egin dugu». Hasieran «bertigoa eta kezka sortzen du maila honetako proiektu batean murgiltzeak», baina esperientzia «aberatsa eta polita» izaten ari dela onartu zuen Elorrietak Harian proiektuaren aurkezpenean. Egin behar dituzten kontzertuetan une batzuetan zuzenean gitarrarekin batera agertuko bada ere, «hori ekidin gura izan dut, betiko erritmo eta moldeetatik aldenduz».

Emanaldietako azken kantuetan hartuko du gitarra Elorrietak. Momentuz, urriaren 28an Bilboko Arriaga antzokian hasi eta beste zazpi kontzertu iragarri dituzte: Oñati, Donostia, Hondarribia, Iruñea, Santurtzi eta Mungia. Gero etorriko dira besteak.