22 OCT. 2018 NAFARROAKO IKASTOLEN FESTA Altsasu gainezka, Nafarroa Oinez inklusiboan Milaka eta milaka pertsonak erantzun zioten Iñigo Aritza ikastolaren deiadarrari, zortzi urteren ondoren atzera Nafarroa Oinez antolatzen baitzuen. «Guztiontzako eguna, esparru guztietan»; erronka hori jarri zion ikastolak bere buruari, «aurreko guztietatik bereizten duen faktorea» zelako. Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo. Dernière mise à jour : 22 OCT. 2018 - 10:37h Ibai AZPARREN Altsasun hazi, Altsasun bizi. 1981ean lehenengo Nafarroa Oinez egin zen Sakanako hiriburuan, Iñigo Aritza eta Andra Mari ikastolek antolatuta. Laugarrenez eta “Bizi” lelopean, milaka pertsona hurbildu ziren atzo aurtengo ekitaldiaz gozatzera. Nahiz eta eguraldi eguzkitsuak ibilaldi osoa lagundu, eguna goibel hasi zen, Urdiainen goizaldean auto istripuz ikastolako ikasle ohi bat zendu zela zioen albistearekin. Hasiera eta zinta mozte ekitaldian izan zuten gogoan berau, Mikel Apaolaza, EiTBko aurkezle Jonan Apaolazaren semea. 19 urte zituen. Gogoan izan zituzten ere espetxean jarraitzen duten Altsasuko zazpi gazteak. «Zazpiak oinez nahi ditugu», zioen AP-15 errepideko zubi batean eskegitako pankartan. Ibilbidean, gauza bera. Hasierako ekitaldian ikasle ohi horiei eskainitako txalo zaparradaz gain, askok zeramaten gazteen askatasuna aldarrikatzen zuen kamiseta. Hala ere, ahalik eta egokien egin zioten aurre egunari. Giro ona izan zuten lagun horretan. Eta giro on horretan bere garrantzia du janari onak, jakina. Sabela pozteko taloak eta pintxoak Nafarroa Oinezen izaeraren parte dira dagoeneko. Baita paella ere. 2005eko Nafarroa Oinezen hasi zen Juan Manuel Galarza 500 pertsonarentzako paellak prestatzen. Atzo, berriz, mila lagunentzat egin zuen. Urdiain, Olatzaguti eta Altsasuko 50 lagunen artean banatzen dute lana. «Gaur Altsasukoek abandonatu egin gaituzte, beren herriko festez disfrutatzen ari dira», azaldu zuen Galarzak, txantxetan. Hamalau urtez, Nafarroa Oinez guztietan egon dira eta jendearen esker ona lortu dute. Horregatik hain zuzen ere, Iñigo Aritza ikastolak saritu egin zituen eta Galarzak, Tere Irigoienekin batera, zinta mozteko ohorea izan zuen «paelleroen» taldea ordezkatuz. Gero, «omenaldi» herrikoia heldu zitzaien, 14.00etarako arroz ale bakar bat ez baitzen geratzen, ehun kilo agortu ondoren. Esker ona jaso zuten Iñigo Aritzako langileek ere. Hezitzaileei ez ezik, bulegariei, autobusetako zaintzaileei, jangelako arduradunei eta garbitzaileei ere egin zitzaien aitortza Iortia kulturgunean. Antolatzaileen esanetan, «40 urte hauetan euskararen aldeko urrats ausarta egiteagatik». Sonia Lizarragak hartu zuen hitza, langile guztien izenean: «Gogotsu eta ilusioz ari gara esparru ezberdinetan, ikastolak aurrera egin dezan». Izan ere, Nafarroa Oinez bertan gauzatzeko arrazoi nagusiak arazo estrukturalak ziren. Antolatzaileek azaldu zutenez, teilatuak konponketa behar du, isolamendu arazoak konpondu behar dira eta segurtasun irteerak berritu behar dira. Bestetik, Txioka haur ikastolaren zorra kitatzeko helburua ere hor dute, eta ikastolan martxan jarri dituzten hezkuntza proiektu berriak ere sustatu nahi dituzte. Horrez gain, Nafarroako Ikastolen Elkarteak Pamiela argitaletxea omendu zuen, «euskara zein euskal kulturaren alde apustua egiteagatik». Inklusibitatetik abiatuz Alde batetik, irisgarritasuna bermatzea zen antolatzaileen helburu garrantzitsuenetako bat. Izan ere, 4,5 kilometroko ibilbidea gune guztietara iristeko prest zegoen, eta seinaleztapen zehatzak eta atseden guneak oso lagungarri gertatu zitzaizkien adinekoei, haurrekin zihoazen kuadrillei eta bereziki goizeko lehenengo orduetan dagoeneko kalte eginda zeuden guztiei. Hasierako ordu horietan autobusak bata bestearen atzean lau aparkaleku egokituetara iristen ari zen. Horietako 85 zenbatu zituen Foruzaingoak, 7.000 auto eta 500 karabanarekin batera. Ibilbideko tarteak gurutzatzeko zailtasunak handitzen ziren jende metaketa horrekin. «Jada ez gara kontzertura iritsiko, edan dezagun hemen», zioen Nerea izeneko neska batek, sagardo botila eskuan zuela. Bestalde, inklusioa zen aurtengo Nafarroa Oinez-en ardatza eta, antolatzaileen iritziz, «erronka nagusia bete zen». Horren seinale, inklusibitatearen tailerrak izandako arrakasta. Beste apustu nagusietako bat sexu erasoen aurkako protokoloa izan zen. 2. eta 3. guneetan jarritako «puntu lilek» lagundu zuten festa eraso sexistarik gabe ospatzen. Antolatzaileek oso balorazio ona egin zuten: «Bikaina izan da eguna, eguraldi ederrarekin, eta jende andana ibilbide osoan zehar». Gainera, jendeak «euskal kulturaren mota askotako adierazpenez gozatzeko» aukera izan zuela nabarmendu zuten. Hala, Sakanako barrualdetik Erriberara, Euskal Herriko erdigunetik hegoaldera, pasatu da Nafarroa Oinezen lekukoa. Tuterako Argia ikastolako zuzendari Argiñe Korta eta Maru Erize presidentearen eskuetan dago orain lekukoa, bertan egingo baita 2019ko Nafarroa Oinez. Eguna saminez beterik hasi zen, Julen Apaolaza ikasle ohia goizaldean Urdiainen istripuz hil zela jakin zenean. Irekiera ekitaldian gogoratu zuten Altsasuko zazpi gazteak omendu zituzten hasierako ekitaldian. Iñigo Aritza ikastolako ikasle ohi horiek aske uzteko eskatzen zuten pankarta asko ikusi ziren