Jon GARMENDIA
Idazlea

Denak ez du balio

Berri Txarrak taldeak MTV EMA-n joko duela-eta polemika sortu omen da. Hala entzun nuen irratian; artean zauriari gatza botatzen gustura sumatu nuen esataria. Lagunekin elkartuta umorea nagusi: «Musikariak jo dezala tronpeta metroan» pankarta falta da hemen. Kultur elitean badirelako arlo batzuk guay direnak, eleganteak, eta haientzat dena da haizu, (eta pozten naiz hala izateaz, askatasuna baita nahinori opa diezaiokezun desiorik onena, egin dezala bidea libreki); musikariek, ordea, jo dezatela afariaren truk. Eta dena horrela. Hemen batzuk dira cool, eta biziki euskal «cooltur», baina nahiko epaile eta fiskal ere bai, bidea murritz nahi duen gehiegitxo aukeran. Unea baliatu eta erasora, egurra merke banatzera. Enegarren polemika antzua. Zein erraz egiten duten haiek, beste aldeko marran daudenek, eta zein nekez egiten dugun beste guztiok, sesio eta liskar artean bizi garen gizajook. Han ez baitago kontraesanik, alde honetakoon mezuak jaso eta oihuka aldarrikatzeko gai dira, eta gu kontraesanez beteta bizi gara, konplexuz ez erratearren. Ibilbide eta talentuagatik miresten nuen Berri Txarrak, eta berdin miresten dut orain ere; jo dezatela luzaro, heiek nahi duten eran eta tokian.