23 OCT. 2018 «AHALDUNTZEN: HIZKUNTZA ETA GENEROA» SOLASALDIA «Euskara, emakumea... goxoak dira. Hori sinetsarazi digute» Hizkuntza eta generoa ez daude aparte, sekula. Jendartean zein botere posiziotan zauden, horren arabera hautatuko duzu hizkuntza. Maia yucatecoa, kurduera eta euskara aztertu dituzte Garabideren mahai-inguruan, eta hizkuntza gutxituok ahalduntze bide bat direla defendatu dute. Dernière mise à jour : 23 OCT. 2018 - 06:24h Maider IANTZI «Gizon-emakumeok berdin edo desberdin erabiltzen ditugu hizkuntza gutxituak?», galdetu zien Iraitz Agirre dinamizatzaileak Garabideren mahai-inguruko lau hizlariei, joan den ostiralean, MUren Bilbao Berrikuntza Faktorian. Suna Altun aktibista kurdua; Yazmin Novelo Yucatango maia, aktibista eta musikaria; Txerra Rodriguez soziolinguista eta Lorea Agirre kazetari eta antropologoa bat etorri ziren: «Hizkuntzen arteko harremana botere harreman bat da. Sexu-genero sisteman ere egitura berdina da. Pribilegio, eskubide, kapritxo… borroka horietan jokatzen da. Hortaz, emakume eta gizonek desberdin hitz egiten dute». Horren adibide bat eman zuen kurduak. Horiek lau zatitan banatuta bizi dira eta Altun Turkiako kasuaz mintzatu zen. Eskolatutako emakumeek kurduera galdu zuten eta turkieraz bakarrik solasean hasi ziren. Eskolatu gabeko emakumeek, aldiz, ama hizkuntza gorde zuten. Gizonen artean ez zen hori gertatu eta eskolatu arren ez zuten ama hizkuntza galdu. Debekua, presioa, diskriminazioa eta aukera falta aipatu zituen aktibistak hizkuntza gutxitua galdu izanaren arrazoi gisa. «Emakumeek hizkuntza boteretsuena hautatu zuten, arrakasta izateko hezkuntza sistema turkiarrean integratu behar zutelako. Eskolatzea familietan bizi duten diskriminaziotik ihes egiteko modu bat izan da (...) Zer da garrantzitsuena emakume batentzat, eskolatzea edo ama hizkuntzari eustea? Hirugarren aukera bat proposatzen dut: ama hizkuntzan eskolatzea eta hizkuntza gutxitua baloratzea». Novelok antzeko joera ikusten du Yucatango maien artean. Paraje laua izanik, bidaiatzea hagitz erraza da bertan eta teknologiak eta hedabideek ere aunitz lotzen dituzte. Migrazio handia dago: korearrak, libanoarrak... «Bertan, herri maiaren balioak eta barneratzen ari garen beste balio batzuk elkarrekin bizi dira. (...) Gure hizkuntza nola bizi nahi dugun pentsatu behar dugu, eta zein ideia ari garen hartzen. Praktika komunikatiboek gizon-emakumeen harremanetan eragiten dute». Ikerketen ondorioak Rodriguezek datuak eman zituen: euskararen ezagutzan, parean daude emakumeak eta gizonak. Baina emakumeek gehiago erabiltzen dute adin tarte guztietan adinekoen artean izan ezik, eta euskaltegietan eta mintzalagunen artean ere emakumeak dira nagusi. Ikerketa batzuek diotenez, emakumeak geroago hasten dira hizkuntza nagusia ikasten, baina azkarrago ahazten dute jatorrizkoa, bai Katalunian bai Euskal Herrian. Bestalde, amaren hizkuntza identitateak aitarenak baino pisu handiagoa du. Agirrek adinekoei erreparatu zien. Gizonek gehiago egiten dute euskaraz. Hona azalpena: «Orain 40-50 urte zonalde euskaldunetan hizkuntza ordezkapena ekarri zuten emakumeek. Plazara irten zen lehen emakume belaunaldia izan zen. Gizonezkoen mundu batera atera ziren, gutxiagotzat hartuak izango ziren eremu horretara. Zein hizkuntzatan izango naiz prestigiotsuago? Hizkuntza prestigiotsuenean». “Jakin”-eko zuzendariak adierazi zuenez, neskak hizkuntzarekiko fidelagoak dira, edozein dela hizkuntza. «Honek esan nahi du oraindik neskak hezten ditugula arautuago izateko». Lan munduari begiratuz, jendeari begira erabiltzen da euskara gehien; hezkuntzan, zerbitzuetan, emakumeen bitartez. Euskal hiztun minorizatuarena eta emakumearena; bi aldeok errekontziliatu zituen Agirrek, hiru galderarekin: «Noiz ohartu ginen emakumeak garela? Eta euskaldunak garela? Bi horiek izateagatik sentitzen dugu bazterrekoak garela?». Eta erantsi zuen: «Euskara da goxoa, etxekoa, zaintza, maitasuna, herria, lurra, umeak, txakurrak… Ez da politikoa, ez da borroka, ez du irainik. Hori sinetsarazi digute. Emakumeekin egiten den bezala. Emakumeak ez du hitz egiten asanbladetan ez duelako nahi. Menderakuntza sistema guztiak identikoak dira. Sistema hori naturalizazioa da. Gaur badakigu dena eraikia dela. Albiste ona da deseraiki daitekeela. Egin nahi dugun hori izango gara». Lorea Agirre: «Pribatua da emakumea eta euskara; publikoa, gizona eta gaztelania. Zu zara polita eta nik indar politikoa dut. Gaur badakigu dena eraikia dela. Berri ona da deseraiki daitekeela»