Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Beldurraren gaineko gogoeta islatu du margolanetan Lucia Ferminek

Beldurraren gaineko hausnarketa da, ezeren gainetik, Lucia Fermin margolari donostiarrak Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan ikusgai jarri duen «Munstro maite» erakusketaren oinarrian dagoena. «Haurra nintzenean ez nuen ulertzen zergatik zen Frankenstein munstroa, herritarrak zirenean hura erail nahi zutenak; niretzat, beraiek ziren benetako munstroak», azaldu zuen artistak azaroaren 25era bitarte ikusi ahalko den erakusketaren inaugurazioan.

Tabakalerako laugarren solairuan dagoen Kutxa Kultur Plazan atondu dute “Munstro maite”, Lucia Ferminek, beldurraren errepresentazioa gogoetagai hartuta, eta Fantasiazko eta Beldurrezko Zinema Astearen barnean, osatu duen erakusketa.

«Jakin nuenean aurtengo Beldurrezko Zinema Astearen oinarrian Mary Shelley egongo zela, erakusketa hau prestatzeko aukera paregabea iruditu zitzaidan. Munstroen gaineko begiradaren hausnarketa betidanik izan dut presente», ziurtatu zuen artista donostiarrak, eta hasieran beldurrezko zinema klasikoko ereduen erreplikak egitea otu bazitzaion ere, proiektuak uste baino kutsu pertsonalagoa hartu duela nabarmendu zuen: «Niretzat munstroen pelikulak garrantzitsuak dira, baina norberak bere arimaren zati bat uzten du egiten duen horretan, eta azkenerako publikoa ahaztu eta lan oso pertsonala atera zait. Arriskatu egin dut, baina pozik nago emaitzarekin», ziurtatu zuen donostiarrak.

Erakusketara teknika mistoak eta zenbaitetan edizio digitala erabilita osatu dituen dozena bat obra bildu ditu, tartean Mary Shelleyk sortutako Frankenstein pertsonaiari erreferentzia egiten dion margolana. «Haurra nintzenean ez nuen ulertzen zergatik zen Frankenstein munstroa, handia eta itsusia bazen ere, herritarrak zirelako hura erail nahi zutenak; niretzat, haiek ziren benetako munstroak», azaldu zuen.

“Cenicienta” (Errauskine) izeneko obra bat ere ekarri du munstroen katalogora, «jendea harritzen bada ere, niretzat Errauskinek gordean egotera derrigortua dagoen diamantea irudikatzen duelako, eta hori beldurgarria da». Fritz Lang-en “Metropolis” filmeko Hel robotaren bere interpretazioa ere egin du; «niretzat kaosa, masen manipulazioa, irudikatzen duelako. ‘Metropolis’-eko robot hark beldurra ematen zidan, ezberdina zen hura akabatu nahi zuelako», azaldu zuen.

“Lucia” izeneko autorretratu bat ere osatu du. Bertan, artistak bere buruari animalia basati zehaztugabearen itxura eman dio. «Uste dut denok izan gaitezkeela munstroak, eta, beraz, nire barnean ikusten dudan munstro hori atera nahi izan dut», azaldu zuen Ferminek.

“Beldurra II” izeneko obran telebista pantaila bat irudikatu du Ferminek, eta Lolo Ricoren esan bat erabili du testuinguruan kokatzeko: «Gaur egun, ikusleek gustuko dutenaren ezagutza da ekoizpen irizpide bakarra telebistan». Horren azalpena egin zuen: «‘Beldur’ hitzean pentsatzen dudanean, telebista pantaila datorkit burura, batetik beldurrezko filmengatik, noski, baina batez ere albistegiengatik. Hori baita benetan beldurra ematen duena».

Komikia bidean

Esku artean duen beste proiektu baten iragarpena egiteko ere erabili zuen Ferminek aurkezpena. Ezer zehaztu ez bazuen ere, Mary Shelleyren gaineko komiki batean lanean ari dela aurreratu zuen; «baina luze joko duen proiektua da, oraindik hastapenetan gaude».

Azaldu zuenez, erakusketa hau prestatzen ari zela sortutako proiektua da komikiarena.

“Munstro maite” erakusketa azaroaren 25era arte egongo da ikusgai Kutxa Kultur Plazan (Tabakalera, 4. solairua).