GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Atutxa, bosgarren txapelaren jabe

Vicenteri 19 segundo sartu zizkion bizkaitarrak Labriteko final ikusgarrian. Larrañaga ere bikain, hirugarren amaitu zuen 1:16ra.


Final benetan erakargarria izan zen atzo Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatu zena. Lehen hiru sailkatuek elkarren gainean amaitu zuten, minutu pasatxoren barruan. Urte dexente dira horrelako finalik ikusi ez dela Euskal Herriko Txapelketan.

Labrit jendez beteta, egurrak txukun ipinita eta aizkolariak, bakoitza bere barruan urduritasunak gorde ezinean. Epaileak eman zuen hasiera, «Gora aizkorak» esan eta txistua joz. Kanpoan hotz baina Labriten giro ezin hobea, bero eta alaia, pilota partidu onenean ere ez omen da ikusi horrelako egoerarik, ikusleren batek esan moduan.

Hasiera bortitza izan zen. Beti hala izaten da. Aizkolariak ez du nahi izaten inork tarterik irekitzerik norberak besteari ez bada. Atzokoan nabaria izan zen, tarteak oso txikiak izan baitziren lehenbiziko kana-erdikoan. Artekariek hasieratik Otsagabiko Iker Vicenteren alde kantatzen zuten. Gerora zertxobait aldatu zen dirua baina zalantza askorekin lehia oso-osoan.

Hirugarren enborra Atutxak eta Vicentek pare-parean erdibitu zuten. Larrañagak ere ez zuen nahi atzera gelditu eta bien tartean sartu zen –ikuslearengan itxaropenik ere sortu zuen azpeitiarrak–. Lan erdietan bi talde, bi hirukote eratu ziren: txapelaren atzetik dena ematen Atutxa, Vicente eta Larrañaga; beste hirukotean Azurmendi, Otaño eta Otaegi, azken postua nola ekidin eginahalak egiten.

Ikuslea hirukote bati zein besteari txaloka eta orroka, aspalditxoan ikusten ez zen giroa sortu zen harmailetan. Batez ere, hiru lehenak azken enborrera heldu zirenean, a zer zalaparta. Ikaragarria, hunkigarria ere bai.

Azken kana-erdikoan, hamabigarren enborrean, Atutxak 36 segundoko abantaila zuen Vicenterekiko. Hau ere, sekulako indarra eta trebezia erakutsiz. Azken kolpea nork emango, ikusle guztiak zutik. Aitzol Atutxak azken kolpea eman zuenean, Iker Vicentek bere pena agertu zuen. Eten bat egin ere bai amorrazioz. Jarraitu bazuen, 10 bat segundoren aldea izango zen. Iaz 18 segundo atera zizkion, aurten azkenean 19.

Hirugarren gelditu zen Mikel Larrañaga, baina atzo garbi erakutsi zuen berarekin kontatu beharko dela aurrerantzean. Gure uste apalean aizkolari bezala badu txapelaren jabe egiteko dohainik, baina txapelketa zein desafioa izan, hauspoa lantzea izango du sekretu guztia.

Iker Vicentek dena ongi egiten du, baina oraindik 21 urte ditu eta indar pittin bat gehiagorekin auskalo zer egin dezakeen. Atutxak duen kolpe bortitzak errespetua sartzen du. Faboritoa zen, ez du kale egin.

Iñaki Azurmendik lan ona egin zuen eta daukan adina edukita, 46 urte, askoz gehiago eskatzerik ez dago. Eneko Otañok jarraitzen badu eta prestakuntza fisikoa gehiago landu, puntako aizkolaria izango da. Horretarako, desafio munduan murgiltzeak lagundu dezake, besteei bezalaxe. Eta Joseba Otaegi ere ezin ahaztu, aizkolari gozoa da eta honek ere gehiago egin dezake.