GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
KATIXA AGIRRE
IDAZLEA

«Idazteko zeure barnera begira egon behar duzu, eta ume bat zaintzea justu kontrakoa da»

Ama batek bere bi haurrak akabatu ditu eta haurdun dagoen idazlea ekintzaren atzean zer dagoen ikertzen ahaleginduko da. Hori da «Amek ez dute» lanaren trama. Baina identitateaz, norbere lekua bilatzeaz, gorputzaren jabetza hartzeaz, ari da. Amatasuna, Katixa Agirreren galbahetik pasatuta.


Hasteko, zerk eraman zaitu kontakizun honetara?

Abiapuntuan nire esperientzia dago, gai baten inguruan egin dudan gogoeta: amatasuna. Ama bihurtu nintzenetik nola aldatu zitzaidan mundu ikuskera edo nola hausnarketa berri batzuk etorri zitzaizkidan ordura arte kontsideratu ez nituenak, baita horren inguruan egin ditudan irakurketak ere, hori guztia dago oinarrian.

Amatasunaren inguruan zer dagoen idatzia ikusi nahi nuen, ez liburu bat idazteko baizik eta nire interesekoa zelako, eta gero irakurri nuen Emmanuel Carrere-ren “L’Adversaire” (Aurkaria): bere familia osoa akabatzen duen gizon baten istorioa da eta pentsatzen egon nintzen infantizidioaren ideian, eta zer gertatuko litzatekeen hiltzailea ama balitz eta ez aita. Infantizidioaren fikzio horrek eman zidan hori guztia kanalizatzeko aukera.

Amatasunaren inguruko material bilketa egon da, beraz. Zenbat material dago eta zein eratakoa?

Historikoki oso gutxi landutako gaia da amatasuna. Nire ustez, duen inportantziarako apenas tratatu den gaia da, beste albo horretan, emakumearenean, egon den gai bat izan delako eta, beraz, historikoki marjinatua izan da. Amatasunari buruz hitz egin edo idatzi izan denetan ere, gizonek egin dute, kanpoko ikuspuntu horretatik, eta orduan XX. mendeko bigarren zatira joan behar da bestelako ikuspuntua, feminismoarena, topatzeko.

Baina benetan harritu nauena da zein gutxi landu den literarioki, zeren dituen ezaugarriengatik amatasuna egon zitekeen gerraren edo maitasunaren pare, eta ez da hala izan. Marjinatua izan da, besteek kontatua, diskurtso inposatua.

Sylvia Plath, Doris Lessing, Muriel Spark... Horregatik ireki dituzu kapituluak amatasunarekin harreman gatazkatsua izan zutenen aipuekin?

Nolabait errekonozimendu bat da gai honen inguruan aportazio interesgarriak egin dituztenei eta, bestetik, amatasuna eta idazletza nola uztartu izan diren eta zelan askotan drama ere izan den erakusten digute.

Identitateak pisu nabaria du kontakizunean zehar. Ama identitateak gainerakoak irensten ditu?

Amatasuna bizitzeko modu desberdinak daude eta horietako bat da nik bizi izan dudana, baina denok gaude sistema beraren pean eta horrek eragina du gure barne gatazketan. Ni ama bihurtu nintzenean, bai sentitu nuela shock edo astindu hori, zeinean jada ez nintzen beste ezer, ama soilik. Ume jaioberriak beharrizan fisiologikoak ditu eta zure gorputzak, zure gogo guztiak, ume horri dedikatua egon behar du. Niretzat hori guztia apurtxo bat dramatikoa izan zen, ze ikusten nuen nire iraganeko “ni” guztiak galduta zeudela eta ez zirela itzuliko. Gero buelta eman banion ere, lehen bi hilabete horietan bai sentitu nuela identitate horrek zapaltzen ninduela eta, jada ez niretzat bakarrik, baizik eta batez ere besteentzat ez nintzela ama besterik. “Ama” zara, norbaiten ama, jada ez duzu izenik ere. Horregatik, liburuko protagonistak ez du izenik, ez-dakit-nor-en ama delako. Eskolan ere, gurasoen aurrean, ez zara zu: ume horren edo bestearen ama edo aita zara.

Narratzaileak badu horren aurrean ihesbidearen beharra.

Bai, noski. Hori uste dut ama guztiok sentitzen dugula. Lehen aldiz banantzen zarenean mingarria izan daiteke edo pentsa dezakezu justu une horretan zerbait gertatuko dela, erruduntasuna sentitzen duzu, baina aldi berean kristoren liberazioa da, asko disfrutatzen den gauza bat.

Liberazio hori bilatzen du berak ere. Amaren irudia desmitifikatu nahi izan duzu?

Bai, baina ez desmitifikatzea desmitifikatzearren, alegia, ez kontrako erretratua pintatzeko, baizik eta erakusteko gauzak konplexuagoak direla. Amatasuna desmitifikatzearena egiten da gaur egun, badaude diskurtsoak eta El Club de las Malas Madres gisakoak; ama “gaiztoa” izan eta umeez “paso” egitearena badago, eskolan uztean disfrutatzea eta argazkiak bidaltzea “ufa! utzi ditut eskolan!” idatziz [besoak goratu eta zoriontasun aurpegia ipini du]. Hori badago, baina ez da nire asmoa hori azpimarratzea, ez da orain arte ama sakrifikatuak izan garenez orain beste muturrera pasatuko garela eta ama pasotak izango garela esatea. Ba, ez. Erdibiderik badago, eta momentu batean izan zaitezke ama pasotena eta hurrengoan sakrifikatuena, eta egun bakarrean denetik bizi, sentitu eta esperimentatu dezakezu. Diskurtsoari konplexutasun maila bat gehitu nahi izan diot, dena ez baita txuri edo beltz, ñabardura asko daude tartean.

Nola hartu ditu gizarteak oro har El Club de las Malas Madres gisakoen diskurtsoak?

Ez dago onartuta. Horregatik ari dira aktibismo horretan eta bestelako diskurtsoak sartzen, emakumeentzat askoz zailagoa delako horrelakoak esatea. Baina aita bati dena onartzen zaio, egun osoa lanean ematen badu “etxera ogia ekarri behar duelako” izango da. Aldiz, ama bati ez zaio hori onartzen. Gogoratzen naiz Albert Riverak esan zuela orain pare bat urte berak apenas duela bere alaba ikusteko denborarik, baina egunero deitzen diola [isilunea]. Eta esan zuen ia ia txalo bat mereziko balu bezala. Zein desberdin onartuko litzatekeen esaldi hori ama batengan... Oraindik hor gaude, ez dago berdintasunik aitatasunaren eta amatasunaren artean.

Narratzailearen senarra bera oin puntetan igarotzen da kontakizunetik.

Bai, egia da. Ama horrek nahikoa du bere umearekin eta liburua idazten, eta orduan hirugarren hanka hori, bikotearena, geratu zaio guztiz kanpo. Eta hori ere izan daiteke amatasunaren ondorioa.

Amatasuna eta sorkuntza kasik uztarrezinak diren bi elementu gisa aurkeztu dituzu.

Hein batean hala da. Batez ere umeak txikiak direnean, nahikoa zorte daukazu dutxatzeko aukera badaukazu eta, orduan, pentsatzea idazten jarriko zarela... bateraezina da. Hain txikiak ez direnean ere, idatzi nahi baduzu beste norabait bidali behar dituzu, idazketa erabateko kontzentrazioa eskatzen dizun ariketa delako eta, batez ere, ariketa egozentrikoa. Zeure barnera begira egon behar duzu eta mundua ahaztu, eta ume bat zaintzea justu kontrakoa da, ume horren nahi eta beharretara etengabe emanda egotea da. Idazketaren eta zaintzaren arteko tentsioa erabatekoa da.

Hain justu, idazten ari zinela zure haurrak zaindu dituztenei eskaini diezu liburua.

Umerik ez daukatenek behin baino gehiagotan galdetu didate: “a, baina umeak izateak denbora asko kentzen dizu?”. Eta erantzun, “ez da denbora asko kentzen dizula, guztia kentzen dizu” [barreak]. Zuretzat denbora baldin badaukazu da beste norbait ari delako ume horiek zaintzen; ume txikiek gaizki lo egiten badute 24 orduko arreta behar dute, eta nik nire denbora lortu badut izan da norbaiti lapurtu diodalako. Aitortza bat da, haiei, baita umeei ere: ez naiz zuekin egon, egon beharko nukeen agian, baina denbora hori lapurtu dizuet. Hori hala da.

Denbora hori idazteko behar zenuela argi edukita ere, izan da erruduntasun sentipenik?

Bai, bai, noski izan dudala. Utzi izan dut umea negarrez haur eskolan, jakinda ez zuela hor egon nahi eta hobeto egongo zela nirekin. Baina balantzan jartzen dituzu arrazoiak, nik ere behar dudala hau eta hau, nire bizitzan proiektu honek ere inportantzia duela eta momentu honetan nahi eta behar dudana dela, eta bost ordu egoteagatik haur eskolan... gero konpentsatuko diot.

Zenbat kosta zaizu hausnarketa horretara iristea?

Bueno... [barreak]. Askotan ez da hain zaila ze saturatuta zaude eta badakizu behar duzula. Betiko tentsioa da, gatazka hori, eta uste dut kontua dela jakitea zure bizitza hori mantendu behar duzula eta gero ondo-ondo konpentsatzea. Noraino egin dezakezun zeuk neurtu behar duzu.

Ama, eszedentzia, saritua. Paralelismo asko daude zure eta narratzailearen artean.

Bai, eta gainera nire urtebetetze data bera jarri diot [barreak].

Benetan?

Bai, bai, badaude horrelako keinu batzuk. Jendeak beti duenez joera narratzailea eta autorea identifikatzeko, ba begira: nire urtebetetzea eta guzti, hori bada nahi duzuena [barreak]. Baina egiaz gauza askok ez dute nirekin zerikusirik. Fikzioa baliatu dut nire barnetik ateratzeko, niretzat hori da fikzioaren gakoa: benetan zugandik ateratzen da baina beste norabait doa. Nire esperientziatik dator, baina badaude irudikatu ditudanak, entzun ditudanak, irakurri ditudanak... eta beste norabait doa.

Bada kapitulu bat, eleberriaren hastapenaz gainera, bereziki gogorra: zesarearena. Haurdun dagoen emakumearen gorputzak jasotzen duen tratuaren adibide argia da.

Gorputza asko aipatzen da. Haurdunaldiak gorputzarekin birkonektatzen zaitu. Normalean –osasun arazorik eduki ezean– bizi gara gorputzari kasu handirik egin gabe, bakarrik kanpotik begiratzen diogu, baina haurdunaldian birkonkistatu egiten duzu zure gorputzaren gaineko kontzientzia hori. Titia ematea, erditzea...

Zesarearen kontua arintasun handiz aipatzen da maiz, eta niri egin zidatenean... Urgentziazkoa izan zen, oso angustiosoa. Pentsatzea zer egin zidaten, nola lotu ninduten esku-ohera... ikaragarria izan zen. Gerora gaiaren inguruan irakurri dut; oso traumatikoa da gorputzarentzat, baita psikologikoki ere, eta hori ekarri nahi nuen liburura. Bi urte igaro dira eta nik oraindik min dut orbainean...

«Infantizidioa jaiotza-tasa kontrolatzeko era ohikoena izan da, abortua baino errazago burutzen delako»

Hilketa bikoitz batetik abiatzen da kontakizuna eta narratzailea saiatzen da bere bi umeak akabatu dituen emakumearen larruan sartzen. Ez zeneukan justifikazioetan erortzearen edo hala ulertuko zenaren beldurrik?

Bai, bai, bai, bada nobela hau idaztean izan dudan kezketako bat. Biolentziaren inguruan idazten edo hausnartzen dugun guztietan badirudi justifikatzen ari garela. Baina bestela, beste muturra zein da, ez hitz egitea? Gaizkiarekin daukagun harremana, gure aurreiritziek zelan ulertarazten diguten biolentzia... kezka horiek hor daude eta ez ditut konpontzen, liburuan ere agertzen dira. Irakurleak erabaki beharko du balekoa zaion ala ez.

Infantizidioaren inguruko tesi txiki bat ere badago.

Bai, halako zer historiko bat, infantizidioa zein ohikoa izan den erakusteko. Gaur egun ez, gurean behintzat, baina historikoki jaiotza-tasa kontrolatzeko modu ohiko eta zuzenena izan da, batik bat abortua baino askoz errazago burutzen delako. Krudela da, baina horrela da. Azkenean umeak direlako, “egin gabe dauden pertsonak”. Gaur egun ere oraindik hori da gure kontsiderazioa umeekiko eta, “egin gabeak” direnez baztergarriak izan daitezke, eta oso erraz gainera: ume bat guztiz dependientea da, ez badiozu behar duena ematen desagertu egiten da. Eta horrek azaltzen du zergatik izan den infantizidioa horren ohikoa historian zehar.

Horregatik ere haurren izenak amaierara arte ez ematearena?

Hori da. Umeak besterik ez dira eta gainera jada desagertu dira, epaiketan zehar ez daude.

Nobela hau dokumentatzeko homizidio baten epaiketara joan nintzen. Konturatzen zara biktima jada ez dagoela eta ikusten duzu akusatua, pena izugarria ematen dizu, badelako pertsona bat beste bizitza batekin amaitu duena eta aldi berean bere bizitza ere amaitu duena; ze hortik aurrera, zer espero dezake? Horrekin bizi eta, gainera, kartzelan bizi osorako. Eta gainera, behintzat nire kasuan, ikusten duzu zure enpatia nola hurbiltzen den hiltzailearengana, ze biktima ez dago hor. Umeak badira, are gehiago: ez direnez “pertsona osoak”, ez zuten bizitza bat oraindik eta askoz errazago desagertzen dira, zure enpatia aktibatzea zailagoa da.A.A.