Haritz LARRAÑAGA
LURRAMA 13. EDIZIOA

«LABORANTZA ELIKATZAILE BATEN ALDE» LURRAMAK ATEAK IREKI DITU 13. ALDIZ

BIARRIZKO IRATI ERAKUSTAZOKAN ABIATU ZEN ATZO LURRAMAREN 13. EDIZIOA ETA GAZTETXOENAK IZAN ZIREN PROTAGONISTA. HAINBAT IKASTETXETATIK GERTURATUTAKO 2.500 IKASLEK NEKAZARITZA MUNDUA EZAGUTU ETA DASTATU AHAL IZAN ZUTEN. BESTAK ETA ALDARRIAK EZ DU ETENIK IZANGO ASTEBURUAN.

Autobus eta ibilgailu partikularrekin leporaino zen atzo Irati erakustazokako parkinga. Urtero bezala, laguntzaile eta parte hartzaile andana zen, eta izango da asteburuan ere, baina atzo ikasleen eguna zen. Kanpoaldean ziren bi karpetan gustura zebiltzan haur txikiak, herri kirolak egiten batean eta ahate, untxi eta oiloei jaten ematen “haurren etxaldean”.

Ikasle eta laguntzaile

Barnealdean ere giro ederra zen. Oholtza nagusian gasna txapelketako epaileak, 20 lagun inguru mahaietan eserita, dastatutako gasnak sailkatzen. Haien gibelean, pantaila handi batek beste eremuetan gertatzen zenaren berri ematen zuen; izan ere, Kanal Dudekoekin elkarlanean ikastetxeetako ikasleak jo eta su ari ziren lanean, haien mikrofono eta kamerekin zoko guztietan gertatzen zenaren berri ematen.

Navarre eta Etxepare lizeoetako zenbait ikasle ostalaritza eskolako ikasleekin batera sukaldean ari ziren; bitartean, zerbitzari lanak egin behar zituzten kideak, gorbatadun traje ilunekin atonduta, mahaiak prestatzen ari ziren. Eta guztia, Tinta Aitzina gazte taldeko kideek egindako dekorazio lanarekin lagunduta. Ikasleak eta gazte mugimenduko kideak parte hartzaile eta laguntzaile izan ziren aldi berean, Lurramaren irekiera egunean.

Lepoan marra zuri-urdinak zituen zapia zeramaten laguntzaileek eta askok “ahobizi” eta “belarriprest”-en pegatina ere bazuten soinean, aurten Lurramak Euskaraldiarekin bat egin duenez, «berotze ariketa» martxan jarri baitzuten.

Gizakiak larrean

Egunak aurrera egin ahala, gazte eta helduz betetzen hasi ziren jan eta edateko postuak zein ekoizleen erakusketa eta informazio guneak, eta turistek selfie argazkiak ateratzen zituzten behi, asto edo laborari jatorren ondoan. Kolore anitzeko mugimenduz osatutako paisaian, ordea, bazen basamortu moduko gune gris eta geldo bat. Jaka eta gorbatadun gizon zurbil eta politikari anitz zegoen irekiera ekitaldia hastear zen oholtza ttipiaren inguruan.

Iñaki Berhokoirigoin Lurramako lehendakariak aurtengo gai nagusia Europako Nekazaritza Politika Bateratua dela oroitarazi eta politika europarrekin dituzten kexak azaleratu zituen. Biarrizko auzapezak ez zuen diskurtso politikorik egin nahi izan eta bisitariei ongietorria ematera mugatu zen, eta Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak «politikan konfiantza galtzen ari garen garai hauetan, konfiantza gehiago izateko» eskaria egin zuen.

Inguruan, larre zabal batean bezala, behiak bakarrik ez, ehunka bisitari jaki goxoak murtxikatzen ari ziren patxadaz. Gaztagilea izan ezik, mikrofonoa ahoan zuela gasna egiten ari zen bitartean harmailetatik galderak egiten zizkioten haur txikiei erantzun behar baitzien. «Nondik datoz behiak», galdetu zion besoa jasota zuen gixontxo batek. «Nire etxaldetik», erantzun zion gaztagileak lotsati.