Maider IANTZI
DONOSTIA

EHU eta UEUk bidea hasi dute irakasle masterra online eta euskaraz emateko

Udako Euskal Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak pozez hartu dute asteon EHUko Gobernu Kontseiluak UEUren Goi.eus zentroa EHUra atxikitzeko hartutako erabakia.

Bi unibertsitateen arteko urte luzeko elkarlanaren ondorioz, DBHko irakasle izan nahi duten graduatu euskaldunek lanbideari dagokion masterra online eta euskaraz ikasteko bidea ireki dute EHUk eta UEUk.

Master hori ikasteko dagoen eskari handia nabarmendu dute bai Araceli Garin EHUko Gradu eta Graduondoko Ikasketen errektoreordeak eta bai Kepa Sarasola UEUko zuzendariak. Izan ere, nahitaezkoa da DBHn irakasle izateko. «Gaur egun, gure eskaintzak ez du eskaria asetzen, eta atxikitze honek beste aukera bat irekiko du. Guretzat ez da formula berria; hiru ikasketa zentro eta ikerketa institutu bat ditugu atxikita», adierazi dio Garinek GARAri. Ohartarazi du abiapuntuan daudela oraindik. «Ondoko tramitazio guztia, zentroa sortzeko Eusko Jaurlaritzaren baimenetik hasita, ez dago gure esku».

Eskaria hagitz handia da espezialitate batzuetan, hain justu UEUren bidez online eskaini nahi dituztenetan: hizkuntza eta literatura, giza eta gizarte zientziak, eta natur zientziak eta matematika. «Normalki 240 plaza eskaintzen ditu EHUk master presentzialean, zortzi espezialitatetan. Hauetako batzuk ez dira beti ematen, ez dagoelako eskari nahikoa. Aldiz, beste espezialitate batzuetan 600-700 ikasle kanpoan gelditzen dira. Batzuek EAEtik kanpo bilatzen dute aukera, eta ezin dute euskaraz egin. EAEko unibertsitate pribatuetara ere jo dezakete, baina prezioa ez da berdina».

Sarasolak nabarmendu du emandako pauso honekin aitortu egiten dela UEUren urteetako lana. «Uste dugu masterra ondo eman dezakegula online eta euskaraz. 120 ikaslerentzako plaza eskaini nahi dugu. Kontratazio berriak, 3-5 izango lirateke. Kostu txikiarekin emaitza interesgarria lor dezakegu».

Oroitu du badirela 16 urte EHUrekin lankidetzan ari direla graduondokoak egiten. «Urte hauetan 14 graduondo ezberdin eskaini ditugu eta 240 adituk lortu dute titulua. MU, Deustuko Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin ere lanean ari gara. Datorren astean egingo dugun Txiotesia eta maiatzean izango den IkerGazte kongresua horren fruitu dira. Paueko Unibertsitatearekin ere hasi nahi dugu lankidetza, IkerGazte Baionan antolatzeko, eta lortuko dugula uste dugu».