Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Gabon kanten errepertorioa zabaldu eta berritzera dator «Ur berri, urte berri»

Bost abeslari eta beste hainbeste musikari batu ditu Igelaren Bandak «Ur berri, urte berri» diskoan. Gabonetako euskal kanten errepertorioa zabaldu eta berritzeko asmoz, Aita Donostiaren doinu sortatik tiraka hasi eta ahanzturan eroriak ziren letrekin lotu ditu Bixente Martinezek, baita bost ahots ezagunen ahotan ipini ere: Izaro, Maddi Oihenart, Maite Larburu, Mikel Urdangarin eta Natxo de Felipe. Bi zuzeneko prestatu dituzte (azaroak 30 eta abenduak 22).

Orain urte batzuk, Aita Donostiaren “Canciones de Navidad” kantutegia oparitu zion Natxo de Felipek Bixente Martinezi, eta, doinuekin liluratuta, euskal gabon kanta tradizionalak bilatzeari ekin zion. Bilaketa horren emaitza da Igelaren Bandak Elkar diskoetxearekin argitaratu berri duen “Ur berri, urte berri”.

«Pentsatu nuen polita izan zitekeela horiekin zerbait egitea, txinparta piztu zen eta denbora izan dudanean gabon kanta ezezagunak bilatzen ahalegindu naiz han eta hemen, altxor ezkutuak bilatzen», azaldu zuen Martinezek, eta behin «posibilitate askoko» hogei doinuko bilduma esku artean zuela, horien osagarri izango ziren letretan jarri zuen begia. «Ama Birjina, Jesusito... ez zen oso interesgarria izango», aipatu zuen gaur egunera heldu diren gabon kanten erreferentziei lotuta, eta erlijioa alboratuta euskal tradizio eta usadioetan hartu zuen aterpe. «Nafarroan bada ohitura bat urte berriarekin batera iturrietara joan eta bildutako ura etxez etxe eramatekoa, zorte ona eskainiz. Ohitura polita da, kristautasunaren aurrekoa», nabarmendu zuen, eta diskoak dituen hamabost abestietako bik –“Hela, hela” eta “Urteberri-egun ona”– ohitura horrekin lotura dutela azaldu zuen. Erlijioak gabon kantuetan duen lekuarekin jarraituz, Maria eta Josek sorterria utzi behar izan zutela eta, beraz, «errefuxiatuak» zirela baieztatu zuen: «Errefuxiatuak dira azkenean, derrigortuak euren etxea uztera eta babes bila dabiltzanak. Bere istorioa arketipikoa da, indartsua», eta bilduman berrikuspen hori ere bildu dutela gaineratu zuen.

Azkenik, Maria ama bada ere haren birjintasuna goraipatzen dela ekarri zuen gogora eta, kontrapuntu gisa, Joseren gogoeta eta zalantzak biltzen dituen bertsoak topatu dituela esan zuen. «Mariak ‘nik ez dut ezer egin’ esaten dio eta hor hasten da Jose zalantza egiten... Azkenean, aingerua jaitsi eta espiritu santua izan dela eta lasai egoteko esaten dio», azaldu zuen, letrak moldatzen Andoni Egañaren laguntza izan duela argitzeaz batera.

Kantari taldea

Behin materiala bilduta, talde edota kantari zehatz baten proiektua baino lantaldean jorratzeko moduko ekimena izan zitekeela erabakita, bost euskal ahots adierazgarri erakarri zituen diskora: Izaro, Maddi Oihenart, Maite Larburu, Mikel Urdangarin eta Natxo de Felipe. «Deitu nienean, hasieratik ulertu zuten denek proiektua eta gustatu zitzaien», aipatu zuen Martinezek. Musikariei dagokienez, Igela Bandako hirukoaz gainera –Martinez bera aritzen da gitarretan, Hasier Oleaga baterian eta Amaiur Cajaraville baxuan eta kontrabaxuan–, Julen Izarrak (saxoa eta flauta) eta Xabier Zeberiok (biolina eta nyckelharpa) ere hartu dute parte.

Kantuz kantu, musikarien eta abeslarien parte hartzetik edan duen diskoa badela ere esan zuen: «Lehendabizi Igelaren Bandarekin eta gero abeslari bakoitzarekin joan da forma hartzen diskoa. Ni ez naiz bereziki kantari ona eta lehen abestia entzun nuenean liluratuta geratu nintzen, hori izan da lan honen parterik politena», ziurtatu zuen Martinezek.

Momentuz, diskoan parte hartu duten hamar pertsonak batuko dituen zuzeneko bi kontzertu emateko asmoa dutela ere aurreratu zuen: lehena azaroaren 30ean Sopelako Kurtzio kultur etxean, eta bigarren eta azkena abenduaren 22an Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Proiektuarekin, euskal gabon kanta tradizionalen berreskurapen eta transmisioan aletxoa ipini izana espero duela esanez amaitu zuen Martinezek.