Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Zerocalcare autore italiarraren komiki berria, euskaraz

Maiatzean argitaratu zuten Italian Zerocalcareren azken nobela grafikoa, bere belaunaldiaren kezken inguruan gogoeta gordina egiten duena. Koldo Izagirreri egin zioten hura itzultzeko enkargu mardula.

Zerocalcare ezizenaren atzean ezkutatzen da Michele Rech komikigile italiarra. “Macerie prime” nobela grafikoa kaleratu zuen maiatzean, italieraz, eta azkar-azkar heldu zion Farmazia Beltza argitaletxeak hura euskaratzeko lanari. Frantsesa aurreratu zitzaion, gutxigatik, baina gaztelaniara baino lehen euskaraz argitaratzeagatik harro agertu zen David Zapirain editorea Donostiako Komikigunean egin zuten aurkezpenean.

Bao Publishing argitaletxearen «eskuzabaltasuna» azpimarratu nahi izan zuen honek, Zerocalcareren liburuak «ehunka mila» saltzen badira ere konfiantza izan duelako «ezaguna ez den argitaletxe batengan, euskaratu dezan». Euskal argitaletxearentzat garrantzitsua zen lan hau gurera ekartzea autore garrantzitsua delako eta gai interesgarriak ukitzen dituelako. Beste gai arruntago bat jorratuko balu ere Zerocalcareren komiki berria euskaratuko luketela aitortu arren, “Hondamuinean” izenburua jarri dioten lan hau goraipatu zuen: «Ez dago odolik baina oso liburu bortitza da. Bosgarren partean liburua itxi behar izan nuen pare bat aldiz. Bi gai nagusi daude, alde batetik protagonistak nola bizi duen arrakasta bere izaerari uko egin gabe, eta bestetik lagunen egoera guztiz prekarioa».

Izan ere, bere bizipenetan oinarritutako kontakizunak biltzen ditu liburuan eta 40 urteren bueltan dabiltzanen arazoak islatzen ditu; lanpostu duin bat lortzeko borrokan, gaztetasunaren eta heldutasunaren artean kokatuta.

Hizkuntza konplikatua

“Hondamuinean” itzultzearen zailtasun nagusia erabiltzen duen hizkera da. Hori dela eta, Koldo Izagirre aukeratu zuten lan hori egiteko. «Hiru hizkera maila daude: narratzailea, lehen pertsonan; protagonista bere inguruan; eta protagonista bere lagunekin. Erregistro desberdinak erabiltzen ditu. Lagunekin hizkera zatarra erabiltzen du, haiekin atxikimendua adieraziz. Beste jardunetan euskara batua erabiltzen du Zerocalcarek», aipatu zuen itzultzaileak.

Italieraz jakin gabe jaso zuen enkargua, baina gehien kostatu zaiona ez da itzulpena bera izan, hizkuntza «eskatologiko, sexual eta matxista» hori mantentzea baizik, formari leialtasuna erakutsiz honen aberastasuna gal ez zedin. Adibidez, badaude espresio batzuk euskaraz «arrazio» bezala itzul daitezkeenak, eta edukiaren aldetik egokia litzateke, baina forma galtzen duenez beste formula batzuetara jo du. Era berean, kontrakzioak erabili ditu lagunarteko hizkera narras hori irudikatzeko.