GARA Euskal Herriko egunkaria

Gari eguneroko gauza txikiei arreta jarrita

Bilboko Arte Ederren Museoan aurkeztu zuen «Beste denbora batean» disko berria Garik. «68aren ostean» arte erakusketaren baitan, Euskal Herriko musikari eskainitako galerian, disko azalen artean, binilozko diskoa irudikatzen duen borobil handiaren gainean eta gitarrak lagunduta aurkeztu zuen azken lana Garik. Hainbat idazleren testuekin, kantu alaiagoak egiten saiatu dela esan zuen musikari legazpiarrak.


We are Standard (WAS) taldeko Jon Agirrezabalaga ekoizleak Deustuko El Tigre eta Urdulizko Tio Pete estudioetan grabatu ditu Gari eta Maldanbera bere taldea. “Estutu” aurreko diskoa ere Agirrezabalagarekin grabatu ostean, oraingoan Garik disko alaiagoa osatu du 8 kantu hauetan. Jonekin lan egiteak bien arteko konfiantza areagotzea ekarri du, eta horren isla da “Beste denbora batean” disko autoekoitzi hau. Pop ukituak, sentsualitatea eta doinu alaiagoak dira Garirenak. «Gizon triste bat naizela esan beharko dut» bota zuen, «etxekoek gauza tristeak egiten ditudala esaten didate beti». Eta oraingoan, bide berrian saiatu da argi pixka bat ematen.

Grabatutako zortzi kantuotan, Jon Benito, Mari Luz Esteban, Igor Elortza eta Juan Luis Zabala idazle eta letragileen laguntza izan du Garik. «Jon Benitorekin aspaldiko harremana daukat, eta ideia sinpleei buruz aritzea zen gure ideia, betiko hitz luze eta potoloak alde batera utzita, azkenean esanahia ere galtzen dutelako», aitortu du Garik. Igor Elortzak egunerokotasunari lotutako gauzei buruzko letra egin dio. Juan Luis Zabalak jadanik argitaratutako poema batzuk aurkeztu zizkion Gariri, baina honek ez zion tonua aurkitzen letrei, ezin kantua osatu beraz. Beranduago, oraindik argitaratu barik zituen letrak eskaini zizkion Zabalak, eta «beste tonu bat» topatu zuen Garik hauengan. Eta diskora ekarri ditu.

ETAren armagabetzea

Eguneroko gauza txikiei arreta jarriz osatu ditu kantuak oraingoan Garik, «gai potolo eta transzendentalak, eguneroko sare sozialetan ikusten ditugun glamour kontuak alde batera utzita». ETAren armagabetzearen gaineko albiste, zutabe eta iritziak irakurritakoan adibidez, arnasa hartzea izan zen kantariarentzat Mari Luz Estebanen “Desira” poema irakurtzea. Irakurri, gozatu eta kantua osatu zuen. Ordu erdi irauten duen disko honetako azkena da eta free jazz doinuek janzten dute kantua; hasieran Gariren ahotsa eta gitarra besterik ez dira entzuten hiru bat minututan, eta amaieran talde osoak zuzenean parte hartzen du jazz giro bat sortuz, eta guztiaren artetik Gorka Benitezen saxoa gailentzen da, ahots eta koruekin batera. “Beste denbora batean” honetan Mercedes Sosa kantari argentinarraren “Aquellas simples cosas” kantuaren moldaketa bat ere egin du oraingoan Garik.

Zaratatik aldendu, disko atsegina egin eta egunerokotasunari so eginez ageri da abeslari legazpiarra diskoan bezala, bizitzaren jarreran ere. Diskoa berak ekoitzi, bere lagunekin grabatu eta laguntza apur batekin plazaratu du. Autoekoizpena da. «Eta balioa eman nahi diot egiten dugun horri, askoz egoera ahulagoan gaude gaur egun, eta fokua egiten dugun horretan jartzea nahi nuke», adierazi zuen Garik, bere filosofia eta lan moldea behin eta berriz azpimarratuz.

Abenduaren 29an, ostegunarekin, Elgetako Espaloia kafe antzokian aurkeztuko du diskoa Garik, urtarrilaren 4an Donostiako Victoria Eugenian arituko da, eta otsailean Bilboko Arriaga antzokian eskainiko ditu bere kanta berrienak azken hamarkadetan agertoki gainean dabilen musikariak.