30 NOV. 2018 Erremontea Ansa eta Barrenetxeak Uterga-Azpiroz harrapatu dituzte GARA Sistema berriarekin Binakako txapelketan inoiz baino zailagoa da gerta daitekeena aurreratzea eta atzokoa izan zen honen guztiaren adibiderik garbiena. Uterga-Azpiroz finalerdietarako sailkapena ia eskuetan zutela azaldu ziren Galarretara, baina 25-40 galdu zuten Ansa II.aren eta Barrenetxea IV.aren aurka eta orain bi bikote hauek berdinduta daude sailkapenean, hamaika punturekin, gorriek puntu bat galdu zutelako atzokoan. Bestelakorik espero zen arren, lehia desorekatua izan zen eta urdinek hasieratik hartu zuten aginte makila. Bakoitza bere lekuan, Ansa II.a eta Barrenetxea IV.a bere aurkariak baino askoz gehiago izan ziren eta lehen herenetik aurrera alde egin zuten markagailuan.