05 DéC. 2018 afizionatuak Gaur hasiko da zazpigarren Antton Pebet Memoriala GARA Villabonako VII. Antton Pebet Memoriala gaur 19.00etan hasiko da Bear Zana pilotalekuan, final-zortzirenetako bi aurre-kanporaketekin. Lehen partidan Maiz eta Zezeaga Zubiria eta Aldaveren aurka neurtuko dira. Maiz billabonatarra munduko txapeldunorde geratu berri da trinketean eta atzean Zezeaga izango du, kolpe biziko pilotaria. Aurkariak ere ez dira nolanahikoak. Zubiriak eta Aldavek bikote oso sendoa osatzen dute. Irabazleek Urbieta eta Bikuña izango dituzte zain. Bigarren partidan, Salaberria-Balerdi eta Arrieta Esnaola neurtuko dira. Balerdik Mariezkurrenaren ordez jokatuko du, azken honek eskuak minduta baititu. Esnaolak, Behar Zanako pilotari txaramatarrak, aukera polita izango du elite mailako txapelketa batean bere maila erakusteko Arrietarekin, afizionatu mailan azken urteetako aurrelari onenetako batekin. Uharteko finalak, bihar Uharteko Lau eta Erdiko Torneoko finalak bihar jokatuko dira 11.30ean hasita. Emakumezkoetan Leire Garai eta Miren Larrarte ariko dira nor baino nor, eta gizonezkoetan, Eneko Yoldi eta Iker Espinal. 47 pilotarik hartu dute parte guztira.