GARA Euskal Herriko egunkaria

Ikastolen Lan Hitzarmena berrizteko akordioa lortu dute


Ikastolen Etxean egindako bileraren ostean, Ikastoletako 2018 eta 2019ko Lan Hitzarmena berritzeko akordioa izenpetu zuten atzo Ikastolen Elkarteak eta LAB sindikatuak.

Urtebeteko negoziazioen ostean, zazpi hilabeteko epea hitzartu dute alde biek hitzarmena guztiz berritzeko, baina iragarri zutenez, hobekuntza batzuk urtarriletik aurrera jarriko dira martxan; besteak beste, 0-3 etapako eta zerbitzuko langileentzat eta Hezkuntza Laguntzarako espezialistentzat.

LABek jakinarazi zuenez, irakasleen lan karga arintzeari dagokionez ere «aurrerapauso garrantzitsua» eman zuten.

Era berean, sektorean gehiengoa duen sindikatuak nabarmendu zituen ikastoletako lan-kategoria guztietan akordioak jasotzen dituen soldata igoerak, zeintzuei esker «2009ko lansari taulen gainetik» kokatuko baitiren, bai eta DBHko lehenengo zikloko soldaten homologazioa ere.

«Ikastolen helburua da bere langileek ahalik eta lan baldintza onenak izatea, muga ikastolen bideragarritasuna izanik. Gaur izenpetutako akordioaren bitartez, helburu hori betetzat jo dute bi aldeek», adierazi zuen Ikastolen Elkarteak.